Joan eduki nagusira

Pornografia fenomeno “global” bat da, eta isil-isilik txertatu da sozializazio-prozesuetan, bereziki gazteen artean, eta ondorio garrantzitsuak ditu harreman afektibo eta sexualen pertzepzioan. Hala planteatzen du “La pornografía, un problema social global. Didáctica feminista”  izenburuko lan kolektiboak. Lydia Delicado-Moratalla Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasleak editatu du, eta Octaedro Editorialek argitaratu du. Lanak diziplina anitzeko ikuspegi kritiko eta feminista bat proposatzen du errealitate horren alderdi sozial eta kulturalak aztertzeko. Gainera, monografia diseinatuta dago material didaktikoarekin erabiltzeko etorkizunean hezkuntzako eta giza eta gizarte zientzien arloko profesional bihurtuko direnen unibertsitateko irakaskuntzan.  Liburua aurkeztuko da maiatzaren 15ean Nafarroako Liburutegi Nagusian (P.º Antonio Pérez Goyena 3, Iruñea).

zoom Lydia Delicado-Moratalla NUPeko irakasle eta ikertzailea, editatu duen pornografiari buruzko liburuarekin.

Lydia Delicado-Moratalla NUPeko irakasle eta ikertzailea, editatu duen pornografiari buruzko liburuarekin.

“Pornografia digitalak eskaintzen duen eduki bortitzari buruzko ebidentziek, pornografia digitala kontsumitzeak pertsonengan eta indarkeriarekiko eta sexualitatearekiko jarreretan dituen ondorioei buruzko datuek eta emakumeen aurkako indarkeria maskulinoari buruz egiten duen apologiaren egiaztapenak garrantzi globaleko arazo sozial bati aurre egiteko arrazoien berri ematen digute, eta arazo horren gainean gogoeta egin eta irtenbideak proposatu behar dira”, deskribatu du Lydia Delicado-Moratalla NUPeko I-COMMUNITAS Institutuko  ikertzaileak.

Pornografiaren produkzioari buruzko “datu esanguratsu bat” erabiltzen du abiapuntutzat editoreak. “Filmatzen diren ekintzak nahitaez gertatu behar dira —esan du NUPeko irakasleak—. Hori dela eta, eduki-analisietan deskribatu eta aurkitu diren bortxazko jarduera eta eszena guztiak egiaz gertatu dira. Horrek esan nahi du, gure sistema sozialean indarkeria debekatuta egonagatik ere, pornografiaren produkzioak salbuespenaren pribilegioa duela”.

Prestakuntzako materiala

Pornografia sexuari buruzko erreferente bihurtu denez, hezkuntza-sistema formaletik at, eta iragazki kritikorik eta gainbegiratzerik gabe, liburuak jasotzen duen bezala, monografia planteatzen da giza zientzien, gizarte-zientzien eta hezkuntzaren esparruetan unibertsitate-irakaskuntzarako pentsatutako material didaktiko gisa, nahiz eta hezkuntza-sektorean lan egiten duten pertsonen eta kultura-industrietan sakondu nahi dutenen etengabeko prestakuntzarako ere baliagarria den. Kapitulu bakoitzak fitxa didaktikoak eta ariketak ditu edukietan sakontzeko.

Argitalpenak Espainiako, Erresuma Batuko eta Australiako zenbait diziplinatako hamaika espezialistaren ekarpenak jasotzen ditu: ikasketa feministak eta emakumeei buruzkoak, komunikazioa, soziologia, zientzia politikoak, publizitatea, arte ederrak, psikologia, sexologia eta literatura.

Zehazki, liburuan deskribatzen dira pornografia digitalaren alderdi problematikoak, hala nola indarkeriaren eta plazeraren arteko lotura sexualitatean; haren eragina industria kulturaletan; emakume eta gizonen arteko desparekotasun-eskemen erreprodukzioa eta normalizazioa; eta haren gidoian kontakizun misogino tradizionalek duten oihartzuna. Kapituluetako batek pornografia digitalarekiko adikzioa jorratzen du. Egilea Pablo Ruisoto Palomera NUPeko I-COMMUNITAS Institutuko irakasle eta ikertzailea da.

Ikerketa-proiektua

Liburua “Pornografiaren erronkak gizarte digitalean. Bere problematikak goi mailako giza eta gizarte zientzietako ikasgeletan aztertzeko proposamen didaktikoak” izeneko ikerketa-proiektuaren emaitza da. NUPek finantzatu du proiektua. Honako hauek osatu dute ikerketa-taldea: Ana M. González Ramos, Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiko (CSIC) zientzialari titularra Ikerketa Sozial Aurreratuen Institutuan (IESA); Shirley MacWilliam, artista, idazlea eta irakaslea Belfasteko Arte Eskolan (Ulsterreko Unibertsitatea, Erresuma Batua) eta, ikertzaile nagusi gisa, Lydia Delicado-Moratalla, Diziplinarteko Genero Ikasketetako doktorea Alicanteko Unibertsitatean eta ikasketa feministen eta emakumeari buruzko ikasketen arloko ikertzailea.