Melanys Benítez Pérez ingeniari biomedikoak (Habana, Kuba, 1993) sentsore berri bat garatu du, eta sentsore horrek ahalbidetzen du biomarkatzaileak, hau da, giza gorputzean dauden molekulak, gaixotasunen edo gorputzeko alterazioen erakusgarri direnak, zein elikagaiak kontrolatzeko intereseko substantziak detektatzea. Egilearen arabera, tresna ekonomikoa, zehatza eta fabrikatzeko errazagoa da, eta hainbat esparrutan aplikatzen ahal da, hala nola medikuntza, bioteknologia eta elikagaien industria. Bere doktoretza-tesiaren esparruan diseinatu du gailua. Tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu du.
Biosentsore horren bidez, “osasunerako garrantzitsuak diren biomarkatzaileak” detektatzen ahal dira, ikertzailearen hitzetan. Adibidez, anti-IgG, proba immunologikoetan erabiliak; anti-gliadina, gaixotasun zeliakoarekin lotutako markatzailea; VEGF, tumoreen eta gaixotasun kardiobaskularren garapenarekin lotutako proteina bat; eta IL-6, prozesu inflamatorio eta gaixotasun neurodegeneratiboekin lotua. “Horrez gainera, gliadina detektatu da, glutenaren proteina nagusietako bat, eta horrek aplikazioak irekitzen ditu elikagaien segurtasunaren kontrolean”, gehitu du Melanys Benítezek.
Biosentsore berriak argiarekin funtzionatzen du. Zehazki, galera-moduaren erresonantzia (LMR, ingelesezko siglak) izeneko fenomeno optiko bat erabiltzen du. Efektu horri esker, lagin likido batean alterazioak detektatzen ahal dira (odola, listua edo elikagai baten zati bat), hura zeharkatzean argiaren portaera nola aldatzen den ikusten denean. Horrela lortzen da maila mikroskopikoan gertatzen denari buruzko informazioa.
Sentsore bat gainazal lauan
Orain arte, teknologia hori erabiltzen zuten biosentsoreak zilindro-formako zuntz optikoetan egiten ziren, hots, argia dabilen harizpi mehe batzuetan. Nolanahi ere, egitura horiek hauskorrak eta manipulatzen eta beste sistema batzuetan integratzen zailak dira. Berritasun gisa, Melanys Benítezek NUPen garatutako sentsorea gainazal lauan diseinatu eta probatu da, eta horrek “fabrikazioa erraztu eta kostuak murrizten ditu, eraginkortasunik galdu gabe”, egilearen arabera.
Gailuak plataforma mikrofluidiko bat ere badu, eta kanal ñimiñoak erabiltzen ditu likido kopuru txikiak zirkularazteko. Teknologia horri esker zehatz-mehatz aztertzen ahal da lagin kantitate ñimiño bat, hala nola odol tanta bat edo elikagai baten estraktu bat.
Urrezko nanopartikulak
Sentsorearen sentikortasuna hobetzeko, ikertzaileak urrezko nanopartikulak txertatu ditu, eta horiek argiaren eta laginaren arteko elkarreragina areagotu eta bilatutako substantzien kontzentrazio oso baxuak detektatzea ahalbidetzen dute. Berrikuntza horri esker, gailu mota horrek ohikoak dituenak baino detekzio maila handiagoak lortzen ditu sentsoreak.
Lortutako emaitzek plataforma berri honen aldakortasuna eta eraginkortasuna erakusten dute, eta horrek medikuntzan, bioteknologian eta elikagaien industrian aplikatzeko atea irekitzen du”, laburbildu du doktoretza-tesiaren egileak. NUPeko Smart Cities Institutuko (ISC) bi ikertzailek zuzendu dute doktoretza-tesia: Ignacio R. Matías Maestro katedraduna eta Abián Bentor Socorro Leránoz irakasle titularra.
Curriculum laburra
Melanys Benítezek Ingeniaritza Biomedikoko Gradua egin zuen Habanako José Antonio Echeverría Unibertsitate Teknologikoan (2011-2016). Gero, NUPera joan zen, eta han, lehenik, Ingeniaritza Biomedikoko Unibertsitate Masterra egin zuen (2019-2021), eta Seinaleen eta Irudi Medikoen Prozesatze-lanean eta Komunikazioan espezializatu zen. Gero, Komunikazioen Teknologietako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako doktoretza-programa egin zuen.
Melanys Benítezek Kuban hasi zuen bere ikerketa-ibilbidea, eta 2016tik 2019ra bitartean Habanako Ingeniaritza Genetikoko eta Bioteknologiako Zentroan lan egin zuen, Irudi Medikoa taldearen barruan. Han, tratamendu farmakologikoen eragina ebaluatzeko datu eta irudi medikoak eskuratzen eta prozesatzen espezializatu zen.
NUPen, 2021ean, doktoratu aurreko kontratu bat lortu zuen Sensors ikerketa taldearen barruan. Lehen aipatutako Ignacio R. Matiasek zuzentzen zuen ikerketa-taldea. Bere doktoretza-tesiaren emaitza gisa, Melanys Benítezek artikulu zientifikoak argitaratu ditu eta nazio mailako eta nazioarteko biltzarretan aurkeztu ditu ikerketaren emaitzak. Orobat ikerketa-egonaldi bat egin zuen Wageningen University & Research-en (Herbehereak).