Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ordezkaritza bat, Ramón Gonzalo erakundeko errektorea buru zela, Kolonbiara joan da berriki, herrialdeko bost unibertsitaterekin akordioak egiteko, nazioarteko master bikoitzak eta doktoretza-tesien kotutoretzak bultzatzeko Campus Iberusek Andeetako herrialdearekin duen lankidetza-esparruan. Zehazki, esparru-hitzarmenak sinatu dira Andeetako Unibertsitatearekin, Kolonbiako Externado Unibertsitatearekin, Rosarioko Unibertsitatearekin (hirurak Bogotan), Caldasko Unibertsitatearekin (Manizalesen) eta Iparraldeko Unibertsitatearekin (Barranquillan). 

zoom colombia

Ramón Gonzalo NUPeko errektorea, aurkezpen instituzional bat egiten Rosarioko Unibertsitatean.

Aipatutako unibertsitateekin egindako esparru-hitzarmenez gainera, ordezkaritzak orobat bisitatu zituen ICETEX (publikoa) eta Colfuturo (pribatua), biak ere Kolonbiako goi-mailako hezkuntza finantzatzen duten erakundeak. Zehazki, lehenengoarekin hitzarmen bat sinatu da, eta horren bidez Kolonbiako hamar ikasleri NUPen masterreko matrikula egiteko beka bana emanen zaie urtero. Bestalde, Campus Iberus Nazioarteko Bikaintasuneko Campusak (NUP kide du Zaragozako, Lleidako eta Errioxako Unibertsitatearekin batera) hitzarmen bat dauka sinatuta Colfuturorekin masterreko eta doktoretzako ikasketak bultzatzeko partzuergoaren unibertsitateetan. 

zoom colombia

Externadoko Unibertsitateko bileretako bat. Ezkerretik eskuinera, Mercedes Sánchez NADOEko zuzendaria, Javier Goicoechea NUPeko Irakaskuntzako errektoreordea, Jorge Elso NUPeko Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordea, Ramón Gonzalo NUPeko errektorea eta Hernando Parra Externadoko Unibertsitateko zuzendaria.

Errektoreaz gain, NUPeko ordezkaritza osatu zuten Javier Goicoechea Irakaskuntzako errektoreordeak, Jorge Elso Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordeak, NUPeko ikastegietako zuzendaritzek eta unibertsitateko ikerketa-institutuetako zuzendaritzek.   Irakaskuntza eta ikerketa arloko lankidetzaz gain, bisitaldian harreman instituzionalak estutu dituzte, eta aipatu denez NUPek Kolonbian duen presentzia sendotu da Campus Iberus Nazioarteko Bikaintasuneko Campusaren nazioartekotze estrategiaren barruan. 

zoom colombia

Hitzarmenaren sinadura ICETEXekin. Ramón Gonzalo errektorea (ezk.), Álvaro Hernán aipatu erakundeko zuzendariarekin.

Masterreko titulazio bikoitzak eta tesien kotutoretzak

Nazioarteko masterreko titulazio bikoitzei esker bi titulu lortuko dira, bat NUPen eta bestea erabakitzen den unibertsitatean. Titulazio bikoitz horiek gaian eta irakasgaietan antzekoak diren bi graduondo konbinatzen dituzte NUPek Rosarioko Unibertsitatearekin duen ereduari jarraituz, hots, Ingurumen Agrobiologiako eta Natura Zientzietako Master Bikoitza. 

Bestalde, tesiaren kotutela bat ere hitzarmen bat da, eta hari esker doktoretzako titulu bat lortzen ahal da lankidetzan diharduten bi unibertsitateetako bakoitzean (kasu honetan, NUP eta Kolonbiako beste bat). Beraz, ez du zerikusirik tesiaren kozuzendaritzarekin, zeinean unibertsitate batek bakarrik ematen baitu titulua. Kotutoretzako doktoretza-tesia zuzendu behar du erakunde parte-hartzaile bakoitzeko ikertzaile batek gutxienez. Erakunde horietako batean defendatzen da, eta gutxienez 6 hilabeteko egonaldia egin behar da unibertsitate bakoitzean.