Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Funtzio Exekutiboak: Psikologia, Musika eta Osasun Mentala ikerketa-taldeak, erakunde akademikoaren I-COMMUNITAS Ikerketa Institutuaren laguntzarekin, Arreta Psikologikoari eta Aniztasunari buruzko Nazioarteko I. Kongresua antolatu du. Ekitaldi hau Espainiako Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologiaren arloko hainbat unibertsitatetako irakasleen lankidetzarekin, laguntzarekin eta parte-hartzearekin egin da. Apirilaren 23an eta 24an izanen da eta “online” eginen da.
Kongresua zuzentzen dute Esperanza Bausela Herreras NUPeko Bilakaeraren Psikologiako Arloko irakasleak, Francisco Alcantud Marínek (Valentziako Unibertsitatea) eta Yurena Alonso Esteban La Lagunako Unibertsitateko irakasleak. “Aukera paregabea da psikologiak hezkuntzaren esparruan eta bereziki ingurune inklusiboak eta aniztasuna errespetatzen dutenak sustatzen betetzen duen zeregin garrantzitsuari buruz gogoeta egiteko. Gero eta pluralagoa den mundu batean, diziplinarteko ikuspegi gizatiar batetik jardutera bultzatzen gaituen aberastasun kultural, sozial, emozional eta kognitibo horren erakusgarri dira gure ikasgelak”, esan dute antolatzaileek.
Honako hauek parte hartuko dute Kongresuan: Miguel Ángel Carbonero Martín Valladolideko Unibertsitateko katedraduna, zeinak “Hezkuntza emozionala eta irakasleen prestakuntza” ikasgaia aurkeztuko baitu; María Consuelo Saiz Manzanares Burgosko Unibertsitateko katedraduna, zeinak “Brain Computer Interfaceren erabilera ikaskuntza prozesuen monitorizazioan: erronkak eta aukerak” hitzaldia emanen baitu; Pedro Luis Sánchez Ortega Burgosko Unibertsitateko irakasleak, “Errealitate Birtual inklusiboari buruzko Ikerketa eta Berrikuntza:Nemo uhartea, eskura dagoen abentura bat” eta Esperanza Bausela Herreras, zeinak “Aniztasunaren arreta psikologikoa goi mailako hezkuntzan” lana aurkeztuko baitu.
Baliabide teknologikoak, aniztasunaren arreta eta ikasleen garapena
Saioekin batera, sinposioak eginen dira antzeko hainbat zenbait gairen inguruan, izenburu hauekin: Gizon-makina baliabide teknologikoak psikologian: eye tracking, bots eta biofeedback; gaitasun soziala eta arbuioaren prebentzioa haur-hezkuntzan; gaixotasun arraroei aurre egitea: esku-hartze poliedrikoa, irakaskuntza-berrikuntza eta psikologia kognitiboa; aniztasunaren eta ongizatearen arreta adimen artifizialaren aroan; ikasleen garapenerako gakoak: erregulazio emozionala, generoa eta TDAH; irakaskuntzako prestakuntzaren berrikuntza: podcastak eta chatbotak hezkuntza-psikologiaren ikuspegitik; musikoterapiatik gizarte-ahalduntzera; eta neurogarapenaren nahasmenduak eta funtzio exekutiboak.
Antolatzaileek nabarmendu nahi dute José María Casado Aguilera NUPeko Psikologiako Graduko ikasle egresatuaren eta Nafarroako Gaixotasun Arraroen Taldekoa (GERNA) kidearen eta “Arreta Psikologikoa eta Aniztasuna” aukerako irakasgaiko ikasleen parte-hartze aktiboa, bai eta doktoretzako ikasleena ere, azken horiek zenbait lan aurkeztuz parte hartuko baitute.