Marina Delgado Rodríguez eta Gloria Puertas Aznárez Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) doktoregaiek erakunde nafarra ordezkatuko dute UNITA unibertsitateen nazioarteko aliantzaren “My 3-min thesis” lehiaketaren finalean. NUP ere bada UNITAko kidea. Lehiaketaren finalean, aliantzako 9 unibertsitateetako bina ikaslek parte hartuko dute, eta maiatzaren 30ean eginen da Bisitazioko Amen eraikineko Pinaquy aretoan (San Frantzisko kalea, 5), eta NUPen antolatzen du. Osotara, 63 ikaslek hartu dute parte unibertsitateen tokiko fase guztietan.


Irabazle eta parte-hartzaileak, lehiaketa hasi aurretik. Eskerretik eskuinera, Marina Delgado (irabazlea), Covadonga Almarcegui, Julissa Herrera (ordezkoa), Gloria Puertas (irabazlea), Nahia Mendoza, Gonzalo Jiménez (ordezkoa) eta Juan Manuel Domínguez.
Lehiaketa hori ingelesez egiten da, eta parte-hartzaileek hiru minutuan eta diapositiba baten laguntzaz azaldu behar diote beren doktoretza-tesiaren edukia espezializatu gabeko jendeari. Joan den apirilaren 10 Nafarroako Doktoretza Eskolaren (NADOE) egoitzan egin zen NUPeko tokiko fasea, eta Marina Delgadok azaldu zuen bere tesian aztergai duela gizarte modernoetako autonomiaren kontzeptua, hau da, zer egiteko duten herritarrek gizartea arautzen duten lege eta araudiak modelatzeko. Bestalde, Gloria Puertasek bere hiru minutuak baliatu zituen azaltzeko bere doktoretza tesian aztergai duela nola bizi den adineko jendea landa-eremuetan eta zer alde dauden bizi diren lekuaren arabera.
Ordezko gisa sailkatu dira Julissa Herrera Silva eta Gonzalo Jiménez Martín doktoregaiak. Lehenengoak bere tesian aztergai ditu biriketako kirurgiaren ondorengo konplikazioak eta horien tratamendu terapeutikoa. Bigarrenak aztergai ditu oxido solidoen elektrolisiaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa Espainiako testuinguruan.
Parte-hartzaileak eta epaimahaia
Irabazleez eta hirugarren eta laugarren postuetan sailkatutakoez gain, lehiaketaren tokiko fasean parte hartu zuten orobat Juan Manuel Domínguez Ortega doktoregaiak (enpresa-erresilientziari buruzko tesia ari da egiten), Nahia Mendaza Úcarrek (Nafarroako heriotza-tasa traumatikoari buruzko azterketa epidemiologikoa ari da egiten) eta Covadonga Almarcegui Eloseguik (musikak eta dantzak migrazio-testuinguruan gizarte-aldaketan duten zeregina du aztergai).
Epaimahaia osatu zuten Antonio López Martín eta Francisco Javier Arregui San Martín NUPeko katedradun eta ISC Institutuko ikertzaileek eta Teresa Iriarte Martín Unibertsitateko Komunikazio Ataleko teknikariak.
UNITA unibertsitate europarren partzuergoa
UNITA partzuergoa “Europako Unibertsitateak” programaren barruan dago, eta egun honako unibertsitate hauek osatzen dute: Zaragozako Unibertsitatea (NUPekin batera Campus Iberus partzuergoko kidea da), Turineko Unibertsitatea (Italia), Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Savoia Mont Blanc Unibertsitatea (biak Frantzian), Timisoarako Mendebaldeko Unibertsitatea (Errumania) eta Barnealdeko Beirako Unibertsitatea (Portugal). Bi unibertsitate elkarturen laguntza ere badu: Haute Ecole Spécialisée de Suisse occidentale – HES- SO (Suitza) eta Yuriy Fedkovych Chernivtsi National University (Ukraina). Aliantzak dozenaka erakunde elkarturen babesa ere badu.