Sergio García Magariño Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle eta I-COMMUNITAS institutuko ikertzailea ikerketa-egonaldi bat ari da egiten Cornelleko Unibertsitatean (New York, Estatu Batuak). Zehazki, irakasleentzako beka bat du, Nazioarteko Ikasketetarako Einaudi Zentroaren programa baten testuinguruan, eta hiru zeregin ditu: eskolak ematea, sareetako xenofobiari buruzko ikerketa-proiektu batean laguntzea (“xenometer” izenekoa) eta Estatu Batuetako polarizazio-fenomenoa aztertzea, Europarekin alderatzeko.
Duela hiru urte, bi erakundeek hitzarmen bat sinatu zuten Cornelleko Nazioarteko Ikasketetarako Einaudi Centerrek urtero bizpahiru pertsonei bekak eman diezazkien NUPera sei hilabetez etor daitezen ikerketa-laguntzailearen lanetan aritzeko. Orain arte bost etorri dira, eta aurten beste bi etorriko dira, Hegoafrikako doktoregai batez gain.
Sareetako xenofobia neurtzea
“Xenometer” edo “xenometro” proiektua Beth Lyonek Cornellen zuzentzen duen ikerketa bat da. Erakunde horretako laborategi juridikoaren zuzendaria da, eta migratzaileen aholkularia, bereziki landa-eremuetako nekazariena, doan. Proiektuaren helburua da adimen artifizialeko sistema bat entrenatzea, sare sozialetan hainbat xenofobia mailatako mezuak detekta ditzan, X sarearekin hasita.
NUPen, soziologiako, zuzenbideko eta adimen artifizialeko irakasle eta ikasleen artean, dozena bat lagun ari dira proiektuan parte hartzen. Metodologiak aztergai ditu aipatu sare sozial horretako kontuak eta mezuak, mezuak etengabe aztertzen dituzten kategoria batzuen arabera etiketatuz, mezuen sailkapenari buruzko adostasunetara iristeko bilerak ezarriz eta, azken batean, algoritmo bat programatuz eta entrenatuz automatikoki egin dezan. Joan den urtean, Cornelletik etorritako ikerketa-laguntzaileek asko lagundu ziguten metodologia hobetzen eta lan-erritmo egokia ezartzen”, esan du Sergio García Magariñok.
Testuinguru horretan, NUPeko irakasleak Cornellera egindako bisitaren helburuetako bat da nazioarteko proiektu bat egiteko aukera aztertzea, beste herrialde batzuetan gauza bera eginen duten beste ekipo batzuk sortzea ekarriko duena. “Oraingoz, El Salvadorreko UCAn talde bat entrenatzea planteatzen ari dira, beste bat Hegoafrikan eta, ondoren, beste bat Indonesian”, adierazi du irakasleak. “Asmoa da algoritmoak sare sozialetan xenofobiaren egoera aztertzea eta, geolokalizatzaileen eta beste tresna batzuen bidez, egoera horren denbora errealeko mapak sortzea, premisa honekin: adibidez, Kanbodian talde arteko gorrotoa detektatzeko halako sistema bat egon balitz, genozidioa prebenitu zitekeen. Marylandeko Unibertsitateak arriskuan dauden gutxiengoei buruz egindako proiektuak lurralde bateko genozidio-arriskua ebaluatzen du zenbait adierazleren arabera, eta arrisku-makak proiektatzen ditu. Hain zuzen ere, proiektu hori inspirazio-iturri dugu.
NUPen honela ari dira lan hori bideratzen: prestakuntza bat garatzea oro har teknologia eta bereziki adimen artifiziala analisi sozialean erabiltzeko gaitasuna sendotzeko. “Hori dela eta, eta egungo proiektuak potentzia handia badu ere, haren balioa lotuta dago metodologiarekin eta prestakuntzarekin”, azaldu du Sergio García Magariñok. “Nafarroan eta Espainian, segurtasun-indarrek interesa dute antzeko sistemak erabiltzeko gorroto-diskurtsoak, terrorismoaren goratzea eta sareetako autodoktrinamendua detektatzeko. “Guk ere antzeko zerbait erabili nahi dugu polarizazio digitala aztertzeko beste erakunde batzuen laguntzarekin”, esan du amaitzeko.