Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bost domina (bi urrezkoak) lortu ditu Europar Unibertsitateak antolatuta apirilaren 10ean eta 11n Villaviciosa de Odónen (Madril) egin ziren Espainiako Judoko Unibertsitate Txapelketetan. Nafarroako erakunde akademikoa bigarren sailkatu da taldeka, Murtziako Unibertsitate Katolikoak (UCAM), txapelketa irabazi duen unibertsitateak, baino puntu bat gutxiagorekin. Osotara hirurogei unibertsitatek parte hartu dute.


NUPeko taldea (ezk.) podiumean ospatzen 2. postua UCAMekin (1. postua) eta Valentziako Unibertsitatearekin batera (3. postua).
Urrezko domina bana lortu dituzte Asier Murillo Martínez de Lizarrondo Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Graduko ikasleak -60 kg-ko kategorian eta Daniel Cervantes García titulazio bereko ikasleak -66 kg-ko kategorian. Bestalde, Aritz Lavado Reta Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko ikasleak zilarrezko domina lortu du -100 kg-ko kategorian.
Gainera, NUPeko taldeak beste bi domina gehiago lortu ditu, kasu honetan brontzezkoak, Marta Beorlegui Osés Erizaintzako graduko ikaslearen eskutik -52 kg-ko kategorian eta María Amparo Ramos Ballester Energia Berriztagarrietako Unibertsitate Masterreko ikaslearen eskutik -63 kg-ko kategorian.
Zazpi ikaslek osatu dute NUPeko ordezkaritza. Aipatutako lagunekin batera, Adrián Calalb Zuzenbideko Graduko ikasleak eta Gorka Gracia Garijo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduko ikasleak ere parte hartu dute.