Unibertsitateen G-9 Taldearen Ikasleen Gaietarako eta Enplegagarritasuneko Batzordeak bilera egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta aztergai izan du ikasleek unibertsitateko bizitzan duten egitekoa. Bi jardunaldiak atzo eta gaur egin dira Iruñean (apirilaren 10ean eta 11n), eta, beste gauza batzuen artean, aztergai izan dute nola bultzatu ikasleen parte-hartzea, nola indartu elkarteko unibertsitateen Ikasle Kontseiluekiko lankidetza eta nola egin aurrera ikasleak buru dituzten proiektu berrietan, hala nola Equipo Europa ikasleen elkarteak bultzatutako udako europar ikastaro baten proposamena. Ikastaroa abuztuaren 27tik 29ra bitartean eginen da Nafarroako hiriburuan, “Europa lehiakor eta sozial bat” izenburupean. Unibertsitateen G-9 Taldeak hirugarren urtez jarraian lagunduko du Udako Europar Ikastaroetan, eta parte-hartzaileek hautaketa libreko kredituak baliozkotzeko aukera izanen dute.


G-9 Taldearen Ikasleen Gaietarako eta Enplegagarritasuneko batzorde sektoriala Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) bilduta.
Alde horretatik, Ramón Gonzalo NUPeko errektore eta batzorde sektorial horretako jarduneko buruaren zuzendaritzapean egindako bileran “online” konexio bat egin dute ikasleen ordezkariekin, zeinak aldi berean bilduta baitzeuden Balear Uharteetako Unibertsitatean. Batera egindako saioan, intereseko hainbat gairi buruz eztabaidatu dute G-9 Taldeko Ikasle Kontseiluek eta unibertsitateen elkarteak, eta talde horretako unibertsitateetako kide diren ikasleen ordezkariekin elkarrizketarako gune egonkorrak ezartzea izan dute helburu.
Sarbidea eta praktikak
Ikasleen parte-hartzea bultzatzeaz gain, bilerak beste gai batzuk ere jorratu ditu, hala nola ikasle atzerritarrak unibertsitatera sartzea. Gaur egun, berariazko araudi bat argitaratzeke dago hitzarmenik gabeko herrialdeetatik datozenentzat, eta horrek onarpen-prozedurari buruzko ziurgabetasuna sortzen du, eta unibertsitateei modu desberdinean eragiten die, kanpotik jasotzen duten eskaera-kopuruaren arabera.
Jorratu den beste puntu bat Enpresaren Esparruan Prestakuntza Praktiko Ez-laborala egiten ari diren Pertsonen etorkizuneko Estatutua izan da, oraindik ez baita onartu. Unibertsitateek kezka agertu dute testuak izan ditzakeen inplikazioengatik, batez ere garraiorako eta mantenurako aurreikusitako konpentsazio ekonomikoei eta praktika akademikoei lotutako beste betebehar batzuei dagokienez. Praktikengatik kotizatzeko derrigortasuna indarrean sartu zenetik lehen urteko balantzea egin da, benetako eragina ebaluatzeko eta hobetu beharreko arloak detektatzeko.
Unibertsitateen G-9 Taldea
Unibertsitateen G-9 Taldea 1997an sortutako elkarte bat da, eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea, bai eta Murtziako Unibertsitatea, Burgosko Unibertsitatea eta La Lagunako Unibertsitatea ere, azken hirurak entitate laguntzaile gisa.