Joan eduki nagusira

Navarra LAN Party topaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) eginen da irailaren 4tik 7ra. Topaketan, teknologiazaleak elkartzen dira, eta aukera izaten dute lau egunez etenik gabe ezagutzak eta esperientziak partekatzeko eta teknologiaren inguruko mota guztietako jarduerak egiteko. Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkarteak (ANDITEC) antolatzen du topaketa hori, Unibertsitatearekin lankidetzan. Zortzigarren edizioa duen aurtengo hau Nafarroako Kiroldegi Unibertsitarioan eginen da. Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak eta arloko enpresek babesten dute ekitaldia.

zoom Iaz Nafarroako Kiroldegi Unibertsitarioan egindako Navarra LAN Partyko argazki bat.

Iaz Nafarroako Kiroldegi Unibertsitarioan egindako Navarra LAN Partyko argazki bat.

Nafarroako Kiroldegi Unibertsitarioak bi eremu izanen ditu. “Party Place” izenekoan, 400 ordenagailu instalatuko dituzte, abiadura oso handiko Interneteko konexiodunak (giga/segundo); hor, e-sportseko lehiaketak egin eta Twitch bidez emanen dira, eta beste lehiaketa batzuk ere antolatu dituzte, zeinetan 3.500 euro baino gehiago banatuko baitituzte sarietan. “Open Space” eremuan, edonor sartzen ahalko da, dohainik, eta irailaren 4an, 5ean eta 6an egonen da irekita, 10:00etatik 20:00etara; han, aukera egonen da kontsolak probatzeko, gidatzeko simulagailuetan ibiltzeko eta errealitate birtualeko esperientziak edukitzeko, eta hiru dimentsiotan inprimatzeko eta teknologiari buruzko hitzaldiak entzuteko gune bat ere izanen du.

Gaur, ostirala, apirilak 11, ireki dute antolatzaileek ekitaldian izena emateko epea. Izen-emateak hainbat lehiaketatan parte hartzeko aukera ematen du, zeinetan 3.500 euro baino gehiago banatuko baitituzte sarietan. Parte hartu nahi dutenek dagoeneko sortzen ahal dute kontu bat webgunean (https://navarralanparty.org/) aurten zer nobedade izanen diren jakiteko eta sarrera “online” erreserbatzeko. Gainera, gazte txartela dutenek hamar euroko deskontua eskatzeko aukera izanen dute Nafarroako Gazteriaren Institutuaren webgunean. Orobat 2006an edo 2007an jaiotakoek Kultura Ministerioak ematen duen kultura-bonua erabiltzen ahalko dute doako sarrera izateko.

IKTen aldeko elkartea

Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkartea (ANDITEC) irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, 2018an sortua, eta Nafarroan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) zabaltzea eta bultzatzea du helburu, bai eta gizarteari teknologia hurbiltzea eta teknologiaren inguruko komunitatea sortzea ere.

Ekitaldiari buruzko informazio gehiago dago Navarra LAN Partyren webgunean eta Twitterreko eta Instagrameko @navarralanparty kontuetan.