Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) lehenbiziko aldiz hartuko du parte entitate gisa Euskaraldian . Ekimen sozial horren helburua eguneroko bizitzako arlo guztietan euskararen erabilera sustatzea da. Kanpainaren laugarren edizioa maiatzaren 15etik 25era eginen da, eta hamaika egunez bi hizkuntza-rol hauetako bat hartzea proposatzen die herritarrei: “ahobizi” edo “belarriprest”. Ahobizi direnek euskaraz egiten dute euskara ulertzen dutenekin, eta “belarriprest” direnek, aldiz, euskara ulertzen dute, eta, nahiz eta ez izan oso maila altua, jendea berekin euskaraz aritzera animatzen dute. Dagoeneko irekia dute izena emateko epea ikasleek, irakasleek eta irakasle ez diren langileek.
Zehazki, ekimen honetan parte hartzeko interesa dutenek bi esteka dituzte izena emateko, beren profilaren arabera. NUPeko irakasle eta ikertzaileentzat eta teknikarientzat eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako (TEKAZEL) langileentzat esteka espezifiko hau gaitu da: https://izenematea.euskaraldia.eus/0045n6bg/nafarroako-unibertsitate-publikoa_2025/. Ikasleek esteka orokorraren bidez eman behar dute izena: https://izenematea.euskaraldia.eus/.
Datozen asteetan, txapa bereizgarriak emanen zaizkie izena eman dutenei (“ahobizi” direnei aho baten ilustrazioa duen txapa, eta “belarriprest” direnei, berriz, belarri baten marrazkia duena). Txapen bidez, erraz identifikatuko da zein den parte-hartzaile bakoitzaren rola, eta horrek erraztu eginen du hizkuntza-interakzioa.
Euskara bultzatzeko jarduera kolektibo bat
Euskaraldia mugimendu sozial bat da, bi urtean behin egiten dena euskararen lurralde osoan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria), hizkuntzaren erabilera testuinguru sozial guztietan handitzeko helburuz. Laugarren edizio honetan, “Elkar mugituz egingo dugu” lelopean, ekimenak beste bultzada bat eman nahi dio euskararen praktika aktiboari, euskararen erabilera manten dadin kanpaina bukatu ondoren ere.