Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta masterreko ikasle izandako batzuei ikasketei buruz zer iritzi duten eta nolako lan-egoeran dauden galdetu diete, eta, azterlanaren arabera, graduko tituludunen % 90,50 ari dira lanean batez beste ikasketak bukatu eta hiru urteren buruan; masterreko tituludunen kasuan, berriz, batez beste haien % 91,98 dira ikasketak bukatu eta bi urtera lanean ari direnak. Gainera, denek ere 4 puntutik 3,18 puntuko batezbestekoarekin baloratu dute egindako tituluarekin duten gogobetetasun maila.
CIES Ikerketa eta Ikasketa Sozialen Zentroak 2024ko abendutik 2025eko urtarrilera bitartean egin zuen NUPen azterlan horretarako landa-lana, eta, informazioa biltzeko, telefono bidezko elkarrizketak eta “online” elkarrizketak egin zituzten honako hiru alderdi hauei buruz: laneratzea, enplegagarritasuna, ikasitako tituluari buruzko iritzia eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekiko fideltasuna.
Aipatu denez, graduko tituludunen kasuan, lanean ari direla (ordaindutako enplegua) esaten dutenen batezbestekoa % 90,50ekoa da, % 3,09 langabezian dago eta % 6,40 beste egoera batzuetan (horien artean daude, esaterako, oposizioak prestatzen egotea, doktoretza ikasten aritzea edo norberaren kontura lanean aritzea). Lan ordaindua dutenen % 80,3ren arabera, lan ordaindua lotuta edo oso lotuta dago egindako ikasketekin. Kategoria profesionalari dagokionez, inkestari erantzun dioten gehienak (% 69) teknikari kualifikatuaren lanetan ari dira eta % 18 zuzendaritza-postuetan eta erdi-mailako arduradunen postuetan.
Elkarrizketetan, beste alderdi hauei buruz zer-nolako iritzia zuten ere galdetu zieten: ikasketen antolaketa, irakasleak, eskura izandako baliabideak, ikasitako titulua, eta NUP, oro har. Ikuspegi orokor batetik, aipatu denez, 4 puntutik 3,18 puntuko batezbestekoarekin baloratu dute egindako tituluarekin duten gogobetetasun maila.
Azkenik, fideltasuna neurtzeko aldagaiak jasotzen ditu txostenak. Galdetu zieten ea NUPen ikastea gomendatuko ote lioketen inori, eta erantzunetan 4tik 3,22koa izan zen puntuazioa; orobat 3,12k gomendatuko liekete egindako titulua beste batzuei. NUPi emandako balorazio orokorra 3,17koa izan zen.
Master ikasketak
Masterrean kasuan, % 91,98 dira lan ordaindua dutela diotenak, % 5,86 langabezian daude eta % 2,16 beste egoera batzuetan. Lan ordaindua dutenen % 77,52k diote lan ordaindua lotuta edo oso lotuta dagoela egindako ikasketekin. Graduan kasuan gertatzen denez, pertsona gehienak teknikari kualifikatuaren lanetan aritzen dira, zehazki % 63,7 eta % 18,2 zuzendaritza-postuetan eta erdi mailako arduradunen postuetan.
Graduko ikasketen kasuan bezala, elkarrizketetan, beste alderdi hauei buruz zer-nolako iritzia zuten ere galdetu zieten: ikasketen antolaketa, irakasleak, eskura izandako baliabideak, ikasitako titulua, eta NUP, oro har. NUPen egindako tituluari buruzko gogobetetasun maila 3,18koa da, graduan bezala.
Fideltasunari buruzko gaiei dagokienez, galdetu zieten ea NUPen ikastea gomendatuko ote lioketen inori, eta erantzunetan 4tik 3,22koa izan zen NUPen balorazio orokorra; orobat 3,16k gomendatuko liekete egindako titulua beste batzuei.
Nori egin zaien elkarrizketa
NUPeko graduetako tituludunen lagina 937 lagunek osatu zuten, eta inkesta ikasketak 2021ean bukatu zituzten 1.124ko populazioari egitea zen helburua. Lagin horren errore-marjina % 1,88 izan zen % 95eko konfiantza-mailarentzat.
Ikasketak 2022an bukatu zituzten masterreko tituludunen helburuko populazioa 451 lagunekoa zen, eta 263k hartu zuten parte. Lagin horren errore-marjina % 2,89 izan zen % 95eko konfiantza-mailarentzat.