2024/2025 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) doktoretza bat egiten ari diren ikasleen laurdena atzerritarra da. Zehazki, erakunde akademikoak eskainitako hamabost programatan matrikulatutako 562 lagunetatik 133 dira. Honako hauek dira Ikasle atzerritar gehien bidaltzen dituzten herrialdeak: Kuba, Kolonbia, Txile eta Peru. Ikasketen nazioarteko izaeraren erakusgarri, 2020tik 2024era bitartean NUPen entzundako 332 tesietatik % 50ek nazioarteko aipamena lortu zuten. Horretarako, besteak beste, gutxienez ere hiru hilabeteko ikerketa-egonaldi bat egin behar da Espainiatik kanpo.
Prestakuntza horretan hasten direnei orientazioa emateko, Nafarroako Doktoretza Eskolak (EDONA) ongietorria egiteko egun bat antolatu zuen duela gutxi, eta informazioa eman zien ikasketa horiei eta unibertsitateko zerbitzuei buruz. Honako hauek parte hartu zuten ongietorria egiteko egunean: Martin Larraza Kintana, Ikerketako errektorerodea; Mercedes Sánchez García, NADOEko zuzendaria; Begoña Vicente Yenes, ikerketa institutuen negozio-garapenerako koordinatzailea; Iosu García Fernández, Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria; eta Arantxa del Rey Martínez, zerbitzu bereko Laguntzen eta Deialdien Ataleko burua. Gurutze Pérez Artieda NUPeko Kulturaren eta Dibulgazioaren Arloko zuzendariak eman zuen hasierako ikasgaia: “Doktoretza, ezusteko ateak irekitzen dituen giltza bat”.
Javier Fraile García Campus Iberuseko doktoretzako enbaxadoreak ere hartu zuen hitza. Ekimen hori NUP kide duen partzuergoko lau unibertsitateetan dago ezarrita, eta ikasketa horietan esperientzia handiagoa duten ikasleek sartu berriak diren nazioarteko ikasleei laguntzeko eta mentoretza emateko programa bat da. Horrez gain, ekitaldi sozialak antolatzeaz eta mentore lanak egiten dituztenen, doktoretza eskolen eta Campus Iberusen arteko zubi-lanak egiteaz arduratzen da.
Nazioartekotzea eta doktoretza industrialak
Lehen nabarmendu den bezala, 2020tik 2024ra bitartean NUPen irakurritako 332 tesien erdiek nazioarteko aipamena lortu zuten. Aipamen hori lortzeko, baldintza batzuk bete behar dira, eta honako hauek daude horien artean: Espainiatik kanpo gutxienez ere hiru hilabeteko egonaldia egin izana, tesiaren laburpena eta ondorioak gutxienez EBko hizkuntza batean argitaratzea (Espainiako hizkuntza ofizialetako bat ez dena), eta lana ebaluatzeko epaimahaikideetako bat gutxienez Espainiakoa ez den zentro bati lotutako ikertzailea izatea.
Gainera, ikasturte honetan Unibertsitatean egiten ari diren tesietatik 40 doktoretza industrialeko aipamenaren modalitatekoak dira (gehienek finantzaketa publikoa dute). Aipamen hori lortu duten hemeretzi tesi irakurri dira orain arte. Tesi horiek enpresa eta ikerketa zentroetan egin dira, besteak beste enpresa eta ikerketa-zentro hauen barnean egindakoak: Pentabiol, Urzante, NewMusicNow, CSIC, NavarraBiomed, Tracasa Instrumental, Nafarroako Industria Elkartea (AIN) eta CENER. Haien artean daude NUPeko spin-offak ere (oinarri teknologikoko enpresak, NUPeko ikerketaren emaitzetatik sortuak), Bioinsectis eta Pyroistech kasu.
Doktoretza industrialaren modalitatean, ikertzaileek gutxienez urtebete egon behar dute enpresa edo erakunde batean kontrataturik tesia egiten, eta baliteke horrek hasieratik haiei lan munduan sartzen laguntzea.
Doktoretzako ikasketen azterketa
Ikasturte honetan NUPen doktoretza egiten ari diren ikasleen artean % 54 (306 lagun) gizonak dira eta % 46 (256) emakumeak eta % 63 (352 lagun) arduraldi osoan ari dira doktoretza egiten, eta % 37 arduraldi partzialean ari dira doktoretza egiten (210).
Izena emandakoen kopuruari dagokionez, ikasle kopuru handiena duen doktoretza programa Osasun Zientzietakoa da, 141 lagun baititu izena emanda, eta atzetik datoz Komunikazioen Teknologietakoa, Bioingeniaritza eta Energia Berriztagarriak-TECOMBER (93), Industria Zientziak eta Teknologiak (90) eta Giza eta Gizarte Zientziak (87).
Arduraldiari dagokionez, hiru programatako ikasleen % 100 (Ingurumen Agrobiologia; Ekonomia, Antolaketa eta Gestión/Economics, Management and Organization, eta Kimika Sintetikoa eta Industriala) arduraldi osoan ari da doktoretza egiten. Bestalde, Gizarte Lanekoa da arduraldi partzialeko ikasle gehien dituena (% 83,3).