Elodie Bouzbib Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) doktoreak eta Iosune Sarasate, Unai Fernández, Manuel López-Amo, Iván Fernández, Iñigo Ezcurdia eta Asier Marzo irakasle eta ikertzaileek (azken biak ISC institutukoak) lehenengo aldiz lortu dute airean agertzen diren eta eskuekin manipula daitezkeen hiru dimentsioko grafikoak erakustea.


Ikertzaile taldea, NUPen. Ezkerretik eskuinera, Iñigo Ezcurdia, Iosune Sarasate, Unai Fernández, Elodie Bouzbib, Asier Marzo eta Iván Fernández.
“Filmetan ikusten duguna eta holograma izenaz ezagutzen ditugun horiek normalean display bolumetrikoak dira”, adierazi du Bouzbibek, lanaren lehen egileak. “Airean agertzen diren eta errealitate birtualeko betaurrekoak jantzi beharrik gabe zenbait ikuspegitatik ikus daitezkeen grafikoak dira: zientzia-komunitatean, true-3D grafikoak deitzen zaie”. Orobat nabarmentzen du “bereziki interesgarriak direla,“ come-and-interact ”(zatoz eta elkarreragina izan) motako ekintza bat ahalbidetzen baitute, hau da, erabiltzailea gailu batera hurbildu eta erabiltzen has daiteke”.


Bi lagun garezur bat 3Dn bistaratzen, haietako batek puntu zehatz bat seinalatzen du hatz puntarekin.
“Badira display bolumetrikoen prototipo komertzialak, hala nola Voxon Photonics edo Brightvox Inc. enpresenak, baina bakar batek ere ez du ahalbidetzen hologramekin interakzio zuzena izatea”, adierazi du taldeak. Asier Marzo ikerketaren liderrak adierazi duenez, zuzeneko interakzioa da “gure eskuak sartu ahal izatea objektu birtualak ukitzeko eta arrastatzeko”. Eta hau gehitu du: “ohituta gaude gure mugikorrekin interakzio zuzena izatera, botoi bat sakatu edo dokumentu bat arrastatzen baitugu zuzenean gure hatzarekin pantailan, naturala eta intuitiboa da gizakientzat. Proiektuak lortzen du interakzio natural hori 3D grafikoekin erabili ahal izatea, hiru dimentsioko manipulaziorako eta ikusmenerako ditugun berezko gaitasunak aprobetxatzeko”.
NUPeko ikerketaren emaitzak eta horien aurkezpena Youtuben daude ikusgai. Ikerketa taldeak CHI 2025 biltzarrean aurkeztuko ditu bere lanaren emaitzak. Biltzarra Yokohaman (Japonian) eginen da apirilaren 26tik maiatzaren 1era. 4.000 ikertzailek baino gehiagok parte hartuko dute ekitaldian, bai eta Microsoft, Meta, Apple edo Adobe bezalako enpresek ere, eta teknika eta gailu interaktiboen arloko azken aurrerapenak aurkeztuko dituzte.


Lagun batek 3D garezur bati heltzen dio hatz erakuslearen eta erpuruaren artean, zehaztasunez jiratzeko.
Ikerketa InteVol proiektuaren barruan dago. NUP da proiektuaren burua eta European Research Council-ek (ERC) finantzatzen du. Erakunde horrek Europar Batasuneko ikerketa-prestigio handiena duten proiektuak finantzatzen ditu.
Holograma eta aplikazio praktiko horien funtzionamendua
Display bolumetrikoek azkar kulunkatzen den lamina arin bat dute, difusorea deritzona, eta horren gainean modu koordinatuan proiektatzen dira irudiak abiadura handian (2.880 irudi segundoko). Ikusmenaren iraunkortasunari esker, difusorearen gainean hainbat altueratan proiektatutako irudiak bolumen osotzat hartzen dira. “Arazoa da -adierazi du ikertzaileak- difusorea zurruna izaten dela, eta gure eskuarekin harremanetan jartzean, zabuka ari den bitartean, hautsi egin daitekeela edo min egin diezagukeela”. Hori dela eta, difusore zurrunaren ordez difusore malguago bat jarri du taldeak beren ezaugarri optiko eta mekanikoei dagokienez desberdinak diren material elastikoak probatu ondoren. Puntu horretan zailtasuna da “material elastikoak deformatu egiten direla eta proiektatutako irudiak zuzendu egin behar direla”, esan du Bouzbibek.
Ikerketaren aplikazio praktikoei dagokienez, eskua sartzeko display bolumetriko bat edukitzeak 3D grafikoekin dauden interakzio zuzenak ikertzeko aukera eskaintzen du. “Adibidez, hatz erakuslearen eta erpuruaren artean kubo bat hartzea mugitzeko eta jiratzeko; edo hanka batzuk lur baten gainean ibiltzen simulatzea hatz erakuslearekin eta hatz nagiarekin”, azaldu dute.
“Pantailak eta mugikorrak bezalako displayak gure bizitzan erabilgarri ditugu lanerako, ikasteko edo entretenitzeko. Zuzenean manipulatzen diren hiru dimentsioko grafikoak edukitzeak aplikazioak izan ditzake hezkuntzaren esparruan, esaterako, motor baten piezak bistaratuz eta ahokaraziz. Gainera, zenbait lagunek elkarlanean jardun dezakete elkarrekintzan, errealitate birtualeko betaurrekoak jantzi beharrik gabe. Displayak bereziki erabilgarriak izan daitezke museoetan, non pertsonak hurbildu eta edukiarekin interkazioa baitute”, azaldu du ikerketa-taldeak.