Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Prometeus programak aurrez aurreko topaketak antolatu ditu. Jarduera horri esker Iruñeko bi institututako (Julio Caro Baroja eta Plaza de la Cruz) Batxilergoko 2. ikasmailako ikasleak zuzenean, hurbiletik eta lasai aritzen dira solasean erakunde akademikoan graduak egiten ari diren ikasleekin. Jarduera Prometeus programaren barruan dago. Programa hori gizarte- eta hezkuntza-egoera kalteberan dauden gazteei goi mailako ikasketetan sartzen eta irauten laguntzen dien ekimena da.
Topaketek ordu eta erdiko iraupena dute gutxi gorabehera, eta haien helburua da unibertsitate aurreko ikasleek titulazioei, haien benetako funtzionamenduari eta jakintza-arlo bereko graduen arteko desberdintasunei buruz dituzten ohiko zalantzei erantzutea. NUPen graduak egiten ari diren hogeita hamar boluntariok eta Batxilergoko beste 42 boluntariok parte hartu dute jardueran.


Lidia Jiménez Sáenz (ezk.) eta María Mendaza Lacalle Irakasletzako ikasleak, Batxilergoko ikasle baten kezkak entzuten.
Elkarrizketarako gunea
Jarduera elkarrizketarako gune bat da, eta unibertsitate-ikasketak egiten ari direnen eta etorkizun akademikoa erabakitzeko prozesuan daudenen arteko komunikazio arina bultzatzen du. Saioak jakintza-arloen arabera antolatzen dira trukea aberasteko. Esaterako, topaketa berean batera egon daitezke Ingeniaritza Informatikoa, Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritza eta Ingeniaritza Biomedikoa bezalako graduak, eta tituluak elementu komunen arabera konparatzea ahalbidetzen du horrek.
NUPeko ikasleek gidoi prestatu bat badute ere, inkesten formatua informala da, eta parte-hartze aktiboa sustatzen du. Egitura horri esker Batxilergoko ikasleek askatasunez plantea ditzakete galdera praktikoak, kezken berri eman eta esperientzia zuzenean oinarritutako informazioa eskuratu.
Bokaziozko orientazioa eskaintzeaz gain, topaketek NUP hurbiltzea dute helburu, modu erraz eta atseginean, batez ere beren familia- edo gizarte-ingurunean erreferente hurbilik ez dutenei.
Prometeus Programako talde teknikoak gradu desberdinen aurkezpena planifikatzen du, azken hilabeteetan unibertsitate aurreko ikasleekin banakako ehun elkarrizketa baino gehiago egin ondoren. Horri esker, topaketen eskaintza aldez aurretik adierazitako lehentasun eta interesetara egokitu daiteke.
Institutuan hasi eta laneratu arte
Prometeus Programa lau fasetan garatzen da, institutuan hasi eta laneratu arte, eta haren xedea da egoera kalteberan dauden gazteei laguntzea bai unibertsitatean sartzen bai bertan irauten, kontuan hartuta prozesu hori baldintzatzen ahal duten faktore sozioekonomikoak, hala nola migratzea edo landa-eremuan bizitzea, ekitatea sustatzeko eta hezkuntza arloko desparekotasunei aurre egiteko.
Programaren lehen fasea institutuan garatzen da, non bigarren hezkuntzako ikasleak (DBH eta Batxilergoa) informatu, aholkatu eta motibatzen baitituzte unibertsitaterako sarbideari buruz (modu pilotuan hasi da Plaza de la Cruz institutuan eta Caro Baroja institutuan). Bigarren faseak, trantsizio fasea deiturikoak, institutua amaitzen denetik unibertsitatera sartu arteko laguntza eta presentzia biltzen ditu, eta ikasleek unibertsitatean sartzeko erabiltzen dituzten hezkuntza-ibilbideen aniztasuna kontuan hartzen du, baita Lanbide Heziketako erdi mailako eta goi mailako zikloetako ibilbideak ere. Hirugarren fasean, ikasleak jada NUPen daudenean, banakako laguntza ematen zaie, zeharkakoa eta pertsona bakoitzaren behar eta eskaeretara egokitua, eta esparru akademikoan, pertsonalean eta emozionalean laguntzen zaie. Azkenik, programak aurreikusten du goi-mailako ikasketak amaitzen dituztenean laneratze faserako laguntza ere ematea graduatzen direnei.
Egun, Prometeus Programak bi institutuetako laguntza eta jada NUPen matrikulatuta dauden hogeita bat laguni egindako jarraipena uztartzen ditu. Ikasturte honetan, programaren barruan daude berdinen arteko mentoretza soziala, Aulexna NUPeko Esperientziaren Gelako Ikasle eta Ikasle Ohien Elkarteak eskainitako eskola laguntzako taldeak eta auzoko unitateen arteko lankidetza, erreferenteak sendotzeko eta hezkuntzako desparekotasunak gutxitzeko ingurune hurbilenetik.
Prometeus programak Europar Batasunaren eta Nafarroako Gobernuaren Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiaren finantzaketa du, eta lankidetza-hitzarmen bat sinatu da harekin.