Joan eduki nagusira

María Ana Sanz IIko talde batek (lehen saria) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko bi taldek (bigarren eta hirugarren sariak) irabazi dute Nafarroako bigarren Zibersegurtasun Erronka (Navarra Cyber Talent’25). Joan den astean egin zen Baluarten, #OTDChallenge Nafarroako Industria Fundazioak (FIN) antolatutako ekitaldiaren esparruan. Sailkatutako hiru taldeek 1.000, 600 eta 300 euroko sariak jaso zituzten, hurrenez hurren. 

zoom Lehen saria irabazi duen taldea (María Ana Sanz II).

Lehen saria irabazi duen taldea (María Ana Sanz II).

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zibersegurtasunaren Katedrak antolatutako CTF gisako zibersegurtasunaren erronkan (catch the flag, parte-hartzaileen trebetasuna probatzeko joko bat) parte hartu zuten NUPeko ikasleek, María Ana Sanz IIko ikasleek, Donapea IIPko ikasleek eta Julio Caro Baroja BHIko ikasleek osatutako taldeek. NUPeko Zibersegurtasunaren Katedra sortu berriak eta NASERTIC enpresa publikoak kudeatutako Navarra Cybersecurity Centerrek (NavCC) antolatu zuten Navarra Cyber Talent’25 lehiaketa. CEINek eta Nafarroako Rural Kutxak ere lagundu zuten. NUPen aldetik, Martin Larraza Kintana Ikerketako errektoreordea joan zen sari banaketara. 

zoom Bigarren postuan sailkatu den taldea (NUP).

Bigarren postuan sailkatu den taldea (NUP).

Honako ikasle hauek osatzen zuten lehen postuan sailkatutako taldea (María Ana Sanz IIko “Team Faleka”): Aimar Jaso Moreno, Izaskun Fernández Luzuriaga, Iker Expósito Recalde eta Iñaki Fernández Contin. NUPeko Zibersegurtasuneko Masterreko eta Telekomunikazioaren Teknologietako Graduko ikasle hauek osatzen zuten bigarren postuan sailkatu zen NUPeko taldea (“CtrlAltSupr”): Óscar Ruiz Gallardo, Ana María Amadoz Rodríguez, Pablo Barriuso Cervera eta Sergio Villain Equiza. NUPeko Ingeniaritza Informatikoko Graduko “CreepyJudas” taldeko ikasle hauek sailkatu ziren hirugarren postuan:   Ekaitz Arribillaga Ciriza, Asier Muñoz Villanueva eta Aitor Arraras Torres. 

Gainera, ikasle hoberen sariak eman ziren, ikastetxeka: NUPeko irabazlea Alvaro Ros Villanueva izan zen, “Eternal Blue” taldekoa; María Ana Sanz IIkoa Iker Expósito izan zen (Team Faleka taldea); Donapea IIPkoa Hugo Sarnago Perez izan zen, “Los Tetes” taldekoa, eta Julio Caro Baroja BHIko hoberena Rubén González Urrizola izan zen (“Red Txapelak” taldea). Bakoitzak “FlipperZero” izeneko gailu elektroniko bat jaso zuen.

zoom Hirugarren postuan sailkatu den taldea (NUP).

Hirugarren postuan sailkatu den taldea (NUP).

NUPen Zibersegurtasunaren Katedra

Navarra Cyber Talent’25 jardueraren bigarren edizioa, aipatu denez, Navarra Cybersecurity Center-ekin batera berriki sortutako NUPeko Zibersegurtasunaren Katedrak antolatutako jardueretako bat da.  Katedraren helburuekin bat dator, eta helburu horien artean daude unibertsitatearen eta aipatu zentroaren arteko lankidetza garatzea, ezagutza bultzatuz eta zabalduz, prestakuntza sustatzea, dibulgazio zientifiko eta teknikoko jarduerak egitea eta arlo horretako ikerketa aurreratua sortzea, besteak beste.

zoom Ikastetxe bakoitzeko ikasle saridunak.

Ikastetxe bakoitzeko ikasle saridunak.

Navarra Cybersecurity Center CIBERREG lankidetza-proiektuko -zibersegurtasuna bultzatzea lurraldeetatik- ekimen bat da, Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak gidatua. Espainiako beste zazpi eskualderen partaidetza du, eta RETECH programaren parte da (Espezializazio Teknologikoko Lurralde Sareak). Programa hori Digitalizazioko eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritzak sustatzen du, INCIBEk koordinatzen du, eta Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko (Next Generation) funtsekin finantzatzen da.