Anne Oyarzun Domeño ingeniari biomedikoak (Iruñea, 1997) adimen artifizialean oinarritutako sistema bat garatu du, irudi medikoen analisia errazteko eta giltzurruneko eta bihotzeko gaixotasunen azterketa hobetzeko. Zehazki, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egin duen doktoretza-tesiak odol-perfusioa modu zehatz eta automatikoan neurtzeko metodo bat jasotzen du, hau da, organoetara iristen den odol-fluxua neurtzeko metodo bat. Odol fluxu hori funtsezkoa da organoek ongi funtzionatzeko.
Ikerketak aztergai izan du Arterial Spin Labeling (ASL) izeneko erresonantzia magnetikoko teknika baten bidez lortutako irudien erabilera. Teknika horri esker, odol-fluxua kontrasteko substantziarik eman gabe bistaratzen da, eta, beraz, oso tresna baliagarria da giltzurruna edo miokardioa bezalako ehunetako odol-bolumena modu ez inbaditzailean aztertzeko, hori baita odola gorputzeko gainerako ataletara ponpatzen duen bihotzaren muskulua.
Onura jasotzen duten gaixotasun kronikoak
“Patologia kronikoak, hala nola giltzurruneko gaixotasun kronikoa eta gaixotasun arterial koronarioa, erronka kliniko esanguratsua dira, prebalentzia handia dutelako eta pazienteen bizi-kalitatean eragiten dutelako – azaldu du Anne Oyarzunek Arterial Spin Labeling (ASL) izeneko erresonantzia magnetikoko teknika horren erabileraren onurak jasotzen dituzten bi baldintzari buruz–. Bi kasuetan, perfusio tisularraren ebaluazio zehatza funtsezkoa da odol-fluxuan alterazioak detektatzeko, gaixotasunaren progresioa monitorizatzeko eta tratamenduaren erantzuna ebaluatzeko”.
Tesiaren ekarpen nagusietako bat izan da irudia prozesatzeko esparru bat sortzea, hau da, ASLrekin lortutako irudiak automatikoki aztertzeko gai diren tresna digitalen multzo bat. Tresna horiek ikaskuntza sakona erabiltzen dute, adimen artifizialaren adar bat, zeinak giza garunaren funtzionamendua imitatuz eta adibide ugarien bidez sistema trebatzen baitu, irudi medikoetan agertzen diren patroi konplexuak ezagutzen ikas dezan.
Tesiak erronka teknikoak jorratu ditu, hala nola adimen artifizialaren bidez horrelako irudiak aztertzeko tresna espezifikorik ez egotea. Garatutako soluzioen artean daude giltzurruneko irudien lerrokatze automatikoa, hartutako irudiak erreferentzia puntu berean jartzeko aukera ematen duen prozedura bat, behar bezala alderatu ahal izateko; giltzurruneko barne egituren segmentazioa, hau da, modu automatikoan organoko eremuak (azala edo muina) identifikatzea, irudi mediko batean oinarrituta, eta, horrela, odol fluxuaren neurketa errazten da; eta irudi sintetikoak sortzea, hau da, adimen artifizialaren bidez simulatutako irudiak sortzea, ereduak hobeto entrenatzen laguntzeko benetako pazienteen datu gutxi daudenean eskuragarri.
Odol fluxuaren kalkulua
Gainera, giltzurruneko perfusioa kalkulatzeko sistema automatizatu bat garatu du ikertzaileak, eta, horri esker, zehatz-mehatz eta azkar neurtu daiteke giltzurrunera zenbat odol-fluxu iristen den. Lehen, espezialistek esku hartu behar zutenez, denbora gehiago behar zen kalkulua egiteko, eta orain eraginkortasun eta fidagarritasun handiagoarekin egin daiteke tesian diseinatutako algoritmoei esker. Orobat metodoa egokitu egin da, miokardioko odol-fluxua aztertzeko, eta horrek, Anne Oyarzunen arabera, “bihotzeko gaixotasunen diagnostikoa hobetzen lagun lezake”.
Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuko (IdiSNA) bi ikertzailek zuzendu dute doktoretza-tesia: Arantzazu Villanueva Larre NUPeko Smart Cities (ISC) Institutuko katedradun eta ikertzailea, eta María Asunción Fernández Seara Nafarroako Klinika Unibertsitarioko Irudi Biomedikoko Laborategiko zuzendaria.
Lan hori NUPeko Ingeniaritza Biomedikoa ikerketa taldearen lan ildoen barruan kokatzen da. Javier Rodríguez Falces irakasleak zuzentzen du, eta seinale eta irudi medikoen analisian, sentsore biomedikoen garapenean eta osasun arloan adimen artifizialak duen aplikazioan dago espezializatuta.
Curriculum laburra
Anne Oyarzun tesiaren egileak Ingeniaritza Biomedikoko Gradua egin zuen Mondragon Unibertsitatean, eta, horri esker, Medtronic enpresan egin ahal izan zuen gradu amaierako lana. Ondoren, Ingeniaritza Biomedikoko Masterra egin zuen, irudiaren eta seinaleen prozesaketan espezializatuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Graduondokoa osatzeko, Vicomtech zentro teknologikoan garatu zuen master amaierako lana, ordenagailu bidezko tomografiako irudietan aortako aneurismak segmentatzeko adimen artifizialaren aplikazioan zentratuta.
Anne Oyarzun NUPen doktoregaia izan zenean, ikerketa-egonaldi bat egin zuen Heidelbergeko Unibertsitatean (Alemania). Doktoretza-tesiaren ondorioz, bi artikulu zientifiko egin ditu eta nazioarteko biltzarretako zazpi komunikazio baino gehiago.