Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) bi ikaslek, Juan Mina Ruiz de Erenchunek (Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua) eta Daniel Novoa Olaverrik (Ingeniaritza Mekanikoko Gradua), Senior Kategoriako Egitura Ahalmen Hoberenaren saria irabazi dute Egituren V. Nazio Lehiaketan. Lehiaketa apirilaren 5ean, larunbata, egin zen erakunde akademikoko Arrosadiko campusean, eta 1.000 euroko saria zuen. Dorrea espagetiekin eta kolarekin eraiki zuten, eta 17 kiloko kargari eutsi zion 46 segundoz. Horrenbestez, lehiaketako errekorra hautsi zuen.


Irabazleak, Juan Mina (ezkerrean) eta Daniel Novoa, sariarekin, Javier Goicoechea Fernández NUPeko Irakaskuntzako errektoreordearekin batera (erdian).
Lehiaketa Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan egin zen, eta ikasleek honako erronka hau izan zuten: erresistenteak diren dorrea eraikitzea material sinpleekin (espagetiak eta kola). Dorre horiek ingeniaritza sismikoko saiakuntzetan egiten denaren antzeko karga eta bibrazio proba gainditu behar dute. Horretarako, erakunde laguntzaileetako batek diseinatutako makina bat erabiltzen da, mugimendu oszilakor bat erreproduzitzeko gai dena, lurrikara batean gertatzen den bezala, eta egituren egonkortasuna probatzen duena.
Gainera, NUPeko beste bi ikaslek accesit bat lortu zuten. Javier Elustondo Cerdán eta Íñigo Juárez Laveda ikasleek 100 euro jaso zituzten.
Gainerako sariak
Iruñeko Hijas de Jesús (Jesuitinas) ikastetxeko DBHko 3. ikasmailako ikasle talde batek irabazi zuen junior kategoriako saria, 400 eurokoa. Haien dorreak 10 kiloko kargari eutsi zion 12 segundoz, eta, horrenbestez, bere modalitateko errekorra hautsi zuen. Edizio honetan, 55 taldek parte hartu dute: 14 junior kategorian (56 parte-hartzaile) eta 41 senior kategorian (114 parte-hartzaile). Taldeak NUPekoak, Nafarroako Unibertsitatekoak eta zenbait ikastetxetakoak ziren.
Epaimahaiak egituren erresistentzia eta diseinu berritzailea baloratu zituen. Guztira, 2.000 euro banatu ziren saritan; izan ere, aipatutako sariez gain, honako hauek banatu ziren: Senior Kategoriako Diseinu Hoberenaren Saria, 200 eurokoa, Nafarroako Unibertsitateko talde batentzat (Leonardo Rafael Teles, Ignacio Juan del Amo eta Nicolás Estella); Junior Kategoriako Diseinu Hoberenaren Saria, 200 eurokoa, Iruñeko El Redín ikastetxeko talde batentzat; eta Nafarroako Unibertsitateko ikasleentzako Diseinu Hoberenaren Accesita, 100 eurokoa, Blanca Pérez, Marcela García eta Fernando Gonzálezentzat.
4.0 Industriaren Katedrak (Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Ingeniari Teknikoen Elkargoak eta NUPek bultzatua) antolatu zuen lehiaketa, eta honako hauek lagundu zuten: FS Group, Tetrace, Nabrawind, Nafarroako Rural Kutxa, Viguetas Navarra, Ingenialma, Viarpre, STQ Energía Sertec eta Nafarroako Rural Kutxa.