Joan eduki nagusira

Valeria Correa Fiz idazle eta abokatua Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) LyDer (Literatura eta Zuzenbidea) Programako XII. promozioaren amabitxia izan da. Bederatzi ikaslek osatzen dute promozioa. Graduazio-ekitaldia duela gutxi egin zen irakasle eta ikasleekin egindako literatur topaketa batean. José F. Alenza García NUPeko Administrazio Zuzenbideko katedradunak antolatu eta Zientzia Juridikoen Fakultateak finantzatu zuen topaketa.  Topaketan, amabitxiak bere bizitza- eta lan-ibilbidearen berri eman zien parte-hartzaileei.

zoom graduacion lyder

LyDer (Literatura eta Zuzenbidea) programako XII. promozioa, irakasleekin eta amabitxiarekin. Goiko aldean, ezkerretik eskuinera, Fatima Zahrae Zaidi, Lara Fabiana Paulo Esperanço, Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano (Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa), Valeria Correa Fiz (promozioaren amabitxia), José Francisco Alenza García (LyDer programaren arduraduna den katedraduna) eta Mikel Fernández Úcar. Beheko aldean, ezkerretik eskuinera, Cecilia Amaia Monreal Ciáurriz, Jare Siwei Gaínza Aramburu, Hend Estefani Hamza Maneldine, Sofía García Moreno, Marta Machio eta Sandra Muñoz Villacorta.

LyDer programa irakurketen eta mintegien ziklo bat da, borondatezkoa, eta helburu hauek ditu: ahozko eta idatzizko adierazpena hobetzea, Zuzenbideko Graduak eta arlo juridikoko gainerako titulazioek berezkoak dituzten prestakuntza humanistikoa eta balioetan oinarritutako prestakuntza sustatzea eta eduki juridikoen ikaskuntza osatzea. Zuzenbideko Graduko, Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Graduko eta Enpresen Administrazioko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko ikasleei dago zuzenduta. 

Ikasle hauek osatzen dute XII. promozioa: Fatima Zahrae Zaidi, Lara Fabiana Paulo Esperanço, Mikel Fernández Úcar, Cecilia Amaia Monreal Ciáurriz, Jare Siwei Gaínza Aramburu, Hend Estefani Hamza Maneldine, Sofía García Moreno, Marta Machio, Giulia Maftioaie eta Sandra Muñoz Villacorta.

Zuzenbidearen eta literaturaren arteko loturak Valeria Correaren arabera

Valeria Correak azaldu zuen Zuzenbidea ikasi zuela bere jaioterrian, Rosarion (Argentina), eta ikasketak amaitzean zerga zuzenbideko master bat egin zuela eta Buenos Airesko bulego ospetsu batean hasi zela lanean. Gero, Miamira (Estatu Batuak) joan zen, eta espainiar hizkuntzako irakurketa klubak sustatu eta haietan parte hartu zuen. Geroago, Milanera (Italia) joan zen, eta han Cervantes Institutuak proposatu zion bere Irakurketa Kluba koordinatzea. Zeregin horretan dihardu hamar urte baino gehiago. Sormenezko idazkuntzako lantegiak ere ematen ditu Madrilen eta Milanen. Italiako hirian idatzi zituen beren lehenengo poema eta kontakizunak, eta jasotako sari eta aitorpenei esker literaturaren arloan hasi zen denbora osoz. 

Bere hitzaldian, Valeriak zuzenbidearen eta literaturaren artean dauden loturak azaldu zituen, aztergaietatik harago. Lehenik eta behin, idazleak esan zuen zuzenbidea proiektu zibilizatzaile bat dela, “nola bizi nahi dugun” erakusten diguna. “Literatura, bestalde, nola bizitzen ari garen ezagutzeko eta ulertzeko tresna bat da”, zehaztu zuen. “Bizi ditugun garaiotan, desinformazioa eta manipulazioa nagusi baitira, geure buruari galdetu behar diogu zenbateraino den gure errealitatea fikziozkoa. Eta horretarako literaturak euskarri ezinbestekoa ematen digu”. Idazlearen iritzian, bigarren lotura hizkuntza litzakete, Zuzenbideak zehaztasunez erabili behar duen tresna. Hirugarrenik, imajinazioa eta sormena literaturak berezkoak dituen ezaugarriak dira, eta legelariek ere beharrezkoak dituzte: “Ezinezkoa da bizitzaren aberastasuna eta kontraesanak kategorietara murriztea”, esan zuen.

Beren kontakizun-liburuen izenburuak jatorriari buruzko bi mitotan oinarritzen dira. Hala, “Hubo un jardín” izenburuak Edengo baratzea ekartzen du gogora. “La condición animal” izenburuak, bestalde, Prometeoren mitoa eta gizakiari zintzotasunaren (edo ahalkearen) eta justiziaren dohainak ematea ditu oinarri. Azken liburu horretako kontakizunetan, pertsonaiak muturreko egoeratan daude, justizia desagertu egin baita eta gizakia jatorrizko animalia izatera itzultzen baita. Justiziak gizakiarentzat duen garrantzia nabarmentzen da horrela.

Bestalde, egileak aditzera eman zuen literaturak “nortasun propioa aurkitzeko eta osatzeko tresnak” eskaintzen dituela, sare sozialen identitate itsaskorretatik eta ideologia polarizatuen onarpen akritikotik urrun. “Idazle izatea munduan egoteko modu bat da, pentsatzeko beste modu batzuetara irekita egotekoa eta errealitatea hautematekoa. Literaturak aukera ematen du desberdinari erreparatzeko, baztertuari, eroari eta delitugileari”, adierazi zuen.

Azkenik, Correak ohartarazi zuen Europako herrialdeek duten ongizate-estatua baloratzeko premiaz. Correa munduko hainbat lekutan bizi izan da, eta haren iritzian, askotan herritarrek ez dute estimatzen Europako gizarte-zerbitzuak diren altxorra. 

Idazleak bere kontakizunetako baten pasarte bat irakurriz amaitu zuen hitzaldia, umorea bere literaturaren parte ere badela erakusteko.