Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), I-COMMUNITAS ikerketa-institutuaren bidez, hitzaldi bat antolatu du apirilaren 4an, ostirala. Emilio Lamo de Espinosa soziologo eta Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademiako kide osoak emanen du, eta “Espero izatekoa zen ekaitz geopolitikoa. Esnatzen ari al da Europa?” du izenburua. Hitzaldian, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Soziologiako katedradun emerituak aztergai izanen ditu azken urteotan izan diren aldaketa geopolitikoak, zeinak azkartu egin baititu Estatu Batuetan Trumpen administrazioak kanpo-politikan hartutako norabide berriak. Ekitaldia 12:00etan hasiko da Arrosadiko campuseko Jeronimo de Ayanz eraikineko hitzaldi-aretoan, eta sarrera librea izanen da, aldez aurretik “online” izena emanda, inprimaki honen bidez: https://tinyurl.com/charla-lamo-espinosa.
Saioan, Lamo de Espinosak aztergai izanen du nola Donald Trumpen hautaketak eta Estatu Batuen kanpo-politikari eman dion norabide berriak agerian jarri dituzten duela zenbait hamarkada hasi ziren egiturazko aldaketa geopolitiko batzuk. Egungo mundua ezin da argi eta garbi multipolar edo bipolar gisa definitu, baina, hizlariaren ustez, inflexio-puntu historiko batean dago, eta inflexio-puntu horrek, “Europaren Aroa” izenekoaren amaiera ez ezik, Mendebaldearen osteko garai baten hasiera ere badakar. Demokraziak, bestalde, ia hogei urte daramatza atzera egiten, eta gaur egun Europar Batasuna eta herrialde gutxi batzuk bakarrik jo daitezke demokraziaren defendatzaile nagusitzat. Hizlariaren arabera, testuinguru horretan, Europaren erronka nagusia izanen da bere ohiko ongizate-ereduaren (“welfare”) — bere nortasun-ezaugarrietako bat — eta bere gaitasun estrategikoa eta defentsiboa (“warfare”) indartu beharraren arteko oreka aurkitzea. Josep Borrellek adierazi duen bezala, Europar Batasunak “boterearen hizkuntza hitz egiten ikasi behar du”.
Hizlariaren ibilbidea
Emilio Lamo de Espinosa (Madril, 1946) Zuzenbidean doktorea da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (UCM) eta Soziologian doktorea Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitatean, non irakasle bisitaria izan baitzen. Ortega y Gasset Unibertsitate Institutua zuzendu zuen (1992-2001), Elcano Errege Institutuaren sortzailea, lehen zuzendaria (2001-2004) eta presidentea izan zen (2012-2021), eta Unibertsitate Erreformaren Legea (1983) egiten eta garatzen parte hartu zuen Felipe Gonzalezen lehen gobernuan (1982-1986).
Bere ibilbidean zehar, hainbat sari jaso ditu, hala nola Soziologiako eta Zientzia Politikoko Sari Nazionala (2017), Jovellanos Nazioarteko Saiakera Saria (1996), Habsburgoko Otto Saria (2014), Espasa Saiakera Saria (2021) bere azken liburuagatik (“Entre águilas y dragones. El declive de Occidente”), edo “honoris causa” doktoretza Salamancako Unibertsitatean (2012).
Hogeita hiru liburu idatzi ditu, ehun monografia zientifiko baino gehiago eta ia 400 prentsa eta dibulgazio artikulu, eta REMCOko (Monarkia Garaikideei buruzko Ikerketa Sarea) presidenteordea da. Elkarte hori monarkia parlamentarioen azterketa zorrotzera bideratuta dago, eta ikerketa ildo horretan dihardu lanean azken urteetan.