David Marcén Churío Iruñeko Plaza de la Cruz BHIko ikasleak brontzezko domina lortu du Espainiako LXI. Olinpiada Matematikoan. Joan den asteburuan, Gijonen (Asturias) egin zen. Dominadun berriak bigarren postua lortu zuen txapelketako tokiko fasean. Fase hori joan den urtarrilean egin zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Fase horretan bertan, Anuar Egozcue Sghir Iruñeko Navarro Villoslada BHIko ikaslea izan irabazlea, eta Oroel Villanúa Biescas Tafallako Sancho III el Mayor BHIko ikaslea hirugarren postuan sailkatu zen. Hiru ikasle horiek Nafarroa ordezkatu zuten olinpiadaren fase nazionalean.


Ezkerretik eskuinera: Anuar Egozcue, Oroel Villanúa eta David Marcén, Gijonen egindako Olinpiada Matematikoaren fase nazionalean egindako diploma-banaketan.
Gijongo garai bateko Unibertsitate Laborala izan zen txapelketaren egoitza. Martxoaren 27tik, osteguna, martxoaren 30era, igandea, egin zen, eta Espainia osoko 77 ikaslek parte hartu zuten, beren autonomia erkidegoetako tokiko faseetan sailkatuta.
Olinpiada matematikoa Batxilergoko 1. eta 2. ikasmailetako ikasleei zuzenduta dago, eta, salbuespen gisa, irakasleen baimena badute, beheragoko mailetako ikasleei. 77 parte-hartzaileetatik, 50 Batxilergoko 2. ikasmailakoak dira; 22, Batxilergoko 1. ikasmailakoak; lau, DBHko 4. ikasmailakoak; eta bat, DBHko 3. ikasmailakoa.
NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasleek antolatu zuten Espainiako LXI. Olinpiada Matematikoa, zeina erakunde akademikoaren zientzia-dibulgazioko proiektu bat baita, Gustavo Ochoa Lezaun Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutuko (INAMAT2) ikertzailea buru zutela. Probetan 75 ikaslek parte hartu zuten, lehiaketa horretan inoizko kopuru handiena.
Olinpiada matematikoak
Olinpiada matematikoak ikasle gazteen arteko lehiaketak dira, eta haien helburu nagusia da matematikaren ikasketa bultzatzea eta zientzia horretan talentua duten pertsonak garatzea. Lehiaketak hiru fase ditu (tokikoa edo eskualdekoa, nazionala eta nazioartekoa), eta zailtasun maila gero eta handiagoa da. Ez da matematikako ezagutza berezirik behar faseetako problemak ebazteko. Aitziitik, ikasleek arrazoiketa logikoa, sormena eta egoera berriei aurre egiteko gaitasuna erabiltzea bilatzen da. Debekatuta dago probetan gailu elektronikoak erabiltzea; idazteko eta marrazteko beharrezkoak diren tresnak baino ezin dira erabili.