Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Simulazio Klinikoko eta Pazientearen Segurtasuneko Espainiako Elkartearen XII. Biltzar Nazionalean parte hartu du berriki. Aurten, Biltzarrak lelo hau izan du ardatz: “Simulazio klinikoa: osasuna zaintzeko bikaintasunerako gaitasunak”. Ekitaldia Malagako Unibertsitatean egin da, eta adituak eta profesionalak bildu ditu simulazio klinikoaren arloko aurrerapenak aztertzeko. Simulazio klinikoa funtsezko tresna bat da arloko profesionalen hasierako prestakuntza etapetan eta garapen jarraituan.

zoom David Valencia teknikari espezialista, duela gutxi Malagan egindako simulazio klinikoari buruzko biltzarrean.

David Valencia teknikari espezialista, duela gutxi Malagan egindako simulazio klinikoari buruzko biltzarrean.

Biltzarraren une nabarmenetako bat simulazioko teknikariei zuzendutako jardunaldia izan zen. David Valencia NUPeko simulazio klinikoko teknikari espezialistak antolatu zuen, Fran Pérez Martínez UManresako CISARCeko simulazioko teknikariarekin eta Francisco Javier Rubio Bolivar Simulazio eta Entrenamendu Klinikoko Zentro Aurreratuko (CEASEC) teknikariarekin batera. Jardunaldian adimen artifiziala simulazio klinikoan integratzeko lantegi praktiko bat egin zen, eta haren xedea izan zen simulazioko teknikarien arteko esperientzia trukerako gunea indartzea, eta beren eguneroko praktiketan teknologia berrien ezagutza eta integrazioa sustatzea.

“Simulazio klinikoak erakutsi du hezkuntza-tresna indartsua dela, osasun-arloko ikasleei eta profesionalei beren trebetasunak hobetzeko aukera ematen diena ingurune kontrolatu batean, eta horrek ikaskuntza praktikoa eta eraginkorra errazten du”, adierazi du NUPeko Osasun Zientzien Fakultateak. Testuinguru horretan, duela gutxi egindako biltzarrak bereziki aztertu du nola ari diren esparru hori aldatzen teknologiak berriak, hala nola adimen artifiziala. Gainera, simulazio klinikoarekin lotutako erronka berriei buruz eztabaidatu zen, hala nola kalitate-irizpideak, etika haien aplikazioan eta sortzen ari den inpaktu akademiko eta teknologikoa.

Adimen artifiziala simulazio klinikoan integratzeari buruzko lantegia

Aipatu denez, NUPeko teknikariak antolatutako lantegiak aztergai izan zuen adimen artifizialaren integrazioa simulazio klinikoaren esparru teknikoan, eta teknologia hori simulazio zentroetan eraginkortasunez erabiltzeko oinarriak ezarri zituen. Jardunaldian zehar, parte-hartzaileek adimen artifizialaren funtzionamenduan sakondu zuten, beren zentroen behar espezifikoak partekatu zituzten "manual thinking" tresnaren bidez, eta beren unibertsitateetan eta prestakuntza zentroetan ezar daitezkeen tresna berriak ezagutu zituzten. Antolatzaileek azaltzen dutenez, “erantzuna hain positiboa izan zen, ezen lantegia ekitaldiko baloratuenetako bat izan baitzen, eta biltzarraren antolatzaileek datorren urtean errepikatzeko eskatu dute”.

“Biltzarrak argi eta garbi erakutsi du simulazio klinikoa eta teknologia eskutik doazela osasunaren zaintzako profesionalen prestakuntzan, eta etorkizuneko adituak prestatzen dituztela osasun arloko erronkei aurre egiteko gaitasun eta tresna berritzaileekin”, esan du David Valenciak. Hain zuzen ere, NUPeko Osasun Zientzien Fakultateak aditzera eman duenez, Fakultate horretako Simulazio Zentroa izanen da Simulazio Klinikoko eta Pazientearen Segurtasuneko Espainiar Elkartearen erregistroan jasoko den erreferentziazko zentroetako bat.