Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) “Ezagutu zure eskubideak, erabaki hobeto” hitzaldi-zikloak adinekoen eta desgaitasuna dutenen eskubideak ezagutarazten lagundu nahi du, jasan dezaketen diskriminazioari eta abusu-egoerei aurre egiteko. NUPeko Zuzenbide Saileko lau irakaslek bultzatu dute, eta hurrengo saioa apirilaren 3an, 17:00etan eginen da belaunaldien arteko lokalean (Mutiloabeiti kalea 19, Iruñea), eta Europako desgaitasun-txartela izango du ardatz. Hitzaldien programa osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.
Zikloa NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren zientzia-dibulgazioko jardueren deialdian finantzatu da, eta Montes de Navarra auzo elkartearekin lankidetzan antolatu da. Elkarte hori Santa Maria la Real adinekoen sarean sartuta dagoen irabazi-asmorik gabeko entitatea da, eta auzoa garatzeko lan egiten du, bizigarriagoa, atseginagoa eta jasangarriagoa izan dadin. Hitzaldiak Santa María La Real auzoko bizilagunei zuzenduta daude, bereziki adinekoei eta desgaitasuna dutenei eta beren ahaide eta zaintzaileei. Nolanahi ere, ateak zabalik daude edonorentzat.
Irakasle hauek osatzen dute proiektu horretako taldea: Leyre Elizari Urtasun (arduraduna); Natividad Goñi Urriza, María Luisa Arcos Vieira eta Álvaro Caldelas Ruiz.