Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nekazaritzako Mekatronikako ikerketa-taldeak metodologia berri bat proposatu du txip patata frijituen akrilamida-edukia aurreikusteko. Akrilamida konposatu kartzinogenoa izan daiteke pertsonentzat. Metodologia berriak lehen aldiz irudi hiperespektralak erabiltzen ditu, zeinek egungo teknika instrumentalen aldean hobekuntza baitakarte, “metodo ez suntsitzailea, azkarra eta denbora errealeko ekoizpen lerroetan aplikagarria” direlako, taldeak azaldu duenez.


NUPeko ikerketa-taldea. Ezkerretik eskuinera, Carmen Jarén, Carlos Miguel Peraza, Ainara López eta Silvia Arazuri.
Honako hauek dira ikerketaren egileak: Carlos Miguel Peraza Alemán (NUPen ari da tesia egiten), Ainara López Maestresalas, Silvia Arazuri Garín eta Carmen Jarén Ceballos (NUPeko irakasleak eta ISFOODeko ikertzaileak) eta José Ignacio Ruiz de Galarreta eta Leire Barandalla (NEIKER-Tecnalia). Artikulua “Food Chemistry” aldizkarian argitaratu da. Bibliografia zientifikoan ez dago aurrekaririk akrilamida detektatzeko irudi hiperespektralen teknika erabili izan dela frogatzen duenik.
Akrilamida frijitzeko prozesuan
Aipatu denez, akrilamida interes handiko konposatua da gaur egun elikagaien industrian, pertsonengan kartzinogenoa izan daitekeelako. Karbohidrato kantitate handiak dituzten eta prozesatze-egoera jakin batzuetan dauden zenbait elikagaitan sortzen da. “Patata frijituetan (kasu honetan, txip patatak) konposatu horren kontzentrazio handiak aurkitu dira frijitzeko prozesuan, eta, beraz, hori industrian kontrolatzea lehen mailako kontua da”, nabarmendu dute ikertzaileek.
Gaur egun, industrian erabiltzen diren teknikak (gas-kromatografoak, likidoa, etab.) garestiak, motelak eta suntsitzaileak dira, eta erreaktibo kimikoak erabiltzea eskatzen dute. Hori “desabantaila bat da elikagai kantitate handiak prozesatzen direnean”, azaldu dute. Testuinguru horretan, ikerketaren helburua izan zen txip patatetan akrilamidaren presentzia aurreikustea irudi hiperespektralen bidez, teknika horiek ordezkatzeko aukera gisa.
Horretarako, aldagai anitzeko analisiaren bidez aurreikuspen-ereduak egin ziren, horiek entrenatzeko eta konposatua aurreikusteko, egungo analisi instrumentalak erabili beharrik gabe: “patata frijituari argazki bat egin eta duen akrilamida-edukia lortzea bezala da”, azaldu du ikerketa-taldeak. Gainera, ikertu ahal izan zen nola dagoen banatuta akrilamida txip patatetan, eta “hori erabilgarria izan liteke, etorkizunean, prozesatzearen urratsak optimizatzeko eta konposatu horren edukia jaisteko”, esan du amaitzeko.