Walter Ovidio Sánchez Campos ingeniariak liburu interaktibo bat egin du NUPen defendatutako doktoretza tesian. Liburu hori errealitate areagotuan eta errealitate birtualean oinarritzen da, eta hari esker El Salvadorko ikastetxe publikoetako ikasleek hobeki ikas dezakete nahuat-pipil hizkuntza. Bere tesian, egileak egiaztatu du teknologia horren erabilerak bertako hizkuntza hori eskuratzeko prozesua hobetu dezakeela, galtzeko arriskuan baitago. Alfredo Pina Calafi irakasle jubilatuak eta Gabriel María Rubio Navarro Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko zuzendariak zuzendu dute lana.
Aipatu liburuaz gain, tesian nahuat kulturari eta hizkuntzari buruzko aplikazio interaktibo bat garatu zen, zeinak “Kinect” sentsore bat baitu. El Salvadorko Antropologiako Museo Nazionalean egindako esku hartzeko zenbait jardueratan erabili zen aplikazioa. Haren bidez, erabiltzaileak sarbidea du hainbat edukitara, hala nola pieza arkeologikoak eta 2D animazioak, nahuateko elkarrizketen karikatura formatuan. Aplikazioa errealitate areagotuko nahuat testuliburu horri laguntzeko baliabide gisa ere erabili zen, eta ikasgelan programatutako jarduera ludikoen parte izan zen.
Doktoretza-tesiak bi hipotesi erabili zituen abiapuntu gisa: errealitate areagotuak eragin positiboa izan zezakeela eskola publikoetan nahuat hizkuntza ikasteko, ikasleen errendimendua hobetuz, eta teknologia horiek sartzeak ikasleen pertzepzioak hobetu zitzakeela honako alderdi hauetan: motibazioa, informazioaren kalitatea, informazioaren aberastasuna, erabilgarritasuna, garatze bidean dagoen teknologia, hizkuntzalaritza, hizkuntza-ondarearen sustapena eta hedapena, jarduera akademikoekin eta baliabide inprimatu tradizionalekin alderatuta. Bi hipotesiak egiaztatzeko, proba eta inkesta batzuekin lan egin zuten: lehenengoa, 150 ikasleri zuzendua, eta bigarrena, 113 ikasleri.
Egileak azaltzen duenez, doktoretza-tesiaren emaitzek erakusten dute ikasleek abantaila espezifikoak nabaritu zituztela errealitate areagotuko testuliburuaren eta Android aplikazio mugikorren erabilerari lotuta, nahuat hizkuntza irakatsi eta ikasteko prozesuan.
Desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak
Walter Ovidio Sánchezek dioenez, aztergai hori aukeratu zuen “gaur egun munduan desagertzeko arriskuan dauden hizkuntza asko daudelako, eta horien artean dago El Salvadorko nahuat hizkuntza”.
“Arriskuan dauden munduko hizkuntzen atlas”aren (UNESCO, 2010) arabera, gaur egun 7.000 hizkuntza inguru daude mundu osoan; horietatik 6.700 hizkuntza indigenak dira, eta horietatik % 40 desagertzeko arriskuan daude. “Hizkuntza indigena horiek garrantzitsuak dira beren herrietako pentsamendua, tradizioak eta kultura transmititzeko eta kontserbatzeko”, azaldu du tesiaren egileak.
Adibide gisa, tesiaren egileak aditzera eman du atlas horrek “Europako eta Kaukasoko hizkuntzak” atalean jasotzen duela euskara hizkuntza kaltebera dela, “baina, aldi berean, hobekien aztertu eta aitortutako hizkuntza kalteberetako bat dela”. Egoera ezberdinean daude astur-leonera eta aragoiera, UNESCOk “desagertzeko arrisku larrian” dauden hizkuntzatzat jotzen baititu.
Frantziaren kasuan, galzorian dauden hizkuntzatzat jotzen dira gaskoiera, alpetar proventzera eta korsikera. Italian, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak frankoproventzala, piamontera, liguriera, lonbardiera eta motxenera dira. Irlandan, irlandera (gaeliko irlandarra) galtzeko arriskuan dagoen hizkuntza da, 50.000 pertsona inguruk baino ez dutelako hitz egiten gaur egun.
Alemaniaren kasuan, sorbiera desagertzeko arriskuan dagoen hizkuntzatzat hartzen da, eta, Erresuma Batuan, gaelikoa (eskoziar gaelikoa) ere arriskuan dagoen hizkuntza gutxitua da. Kasu hauek ere aipatzekoak dira: Suedia (gotlandiera eta dalekarliera), Norvegia (Sami), Estonia (vorû setu), Suitza (erromantxera), Belgika (valoniera), Ukraina (urumera, behe alemaniera), Turkia (mendebaldeko armeniera eta pontikoa) edo Austria (burgenlandera). Errusian, osotara 45 hizkuntza daude desagertzeko arriskuan (kareliera, abaza edo tofa, besteak beste).
Walter Ovidio Sánchezen CV laburra
Walter Ovidio Sánchez Campos ingeniari elektrikoa da El Salvadorko Unibertsitatean. Orobat konputazioko master bat egin zuen Costa Ricako Institutu Teknologikoan eta hezkuntza teknologiako master bat El Salvadorko Don Bosco Unibertsitatean. Gaur egun, azken unibertsitate horretako Konputazio Zientzietako Ingeniaritza Eskolako irakasle ikertzaile titularra da.