Joan eduki nagusira

Atzo, martxoak 25, Josep Lobera Serrano Zientzia Aholkularitzako Bulego Nazionaleko (ONAC) zuzendariak Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) bisitatu zuen “Elkarrizketa estrategikoak” zikloaren esparruan. Erakunde akademikoko Gizarte Kontseiluak  sustatutako zikloa da. Jardunaldian Nafarroako eta erkidego mugakideetako ikertzaileekin topaketa bat egin zen, baita Unibertsitateko, Gizarte Kontseiluko eta Nafarroako Gobernuko arduradun instituzionalekin bilera bat ere, politika publikoen definizioan ezagutza zientifikoak duen eginkizuna jorratzeko. 

zoom Ezkerretik eskuinera: Santiago Iraburu, Javier Vidorreta, Martin Larraza, Josep Lobera, Izaskun Lacunza, Luis Campos, Mónica Cortiñas eta Eva Perujuániz.

Ezkerretik eskuinera: Santiago Iraburu, Javier Vidorreta, Martin Larraza, Josep Lobera, Izaskun Lacunza, Luis Campos, Mónica Cortiñas eta Eva Perujuániz.

Ikertzaileekin izandako topaketak balio izan zuen esperientziak partekatzeko, sinergiak identifikatzeko eta ikerketa akademikoaren eta erabaki publikoak hartzearen arteko loturari buruz hausnartzeko.

Gero, Josep Loberak lan-bilera bat egin zuen honako hauekin: NUPeko arduradun instituzionalak (Martin Larraza Kintana Ikerketako errektoreordea eta Mónica Cortiñas Ugalde Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordea), Gizarte Kontseilua (Javier Vidorreta Salillas kontseiluko burua eta Santiago Iraburu Allegue idazkaria) eta Nafarroako Gobernua (Eva Perujuániz Bermúdez Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko zuzendari nagusia eta Luis Campos Iturralde Lehendakaritzako eta Berdintasuneko Departamentuko Politika Publikoen Plangintzako, Koordinazioko, Berrikuntzako eta Ebaluazioko zuzendari nagusia). Orobat topaketan parte hartu zuen Izaskun Lacunza Aguirrebengoa Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioko (FECYT) zuzendari nagusiak. 

Saioari esker, parte-hartzaileek bertatik bertara ezagutu ahal izan zituzten ONACen funtzionamendua eta zereginak, eta gogoeta egin zuten politika publikoen aholkularitza zientifikoak Nafarroa bezalako eskualde batean dituen erronkei buruz.

zoom Josep Loberak (2.a eskuinetik) NUPen ikertzaileekin egindako bileretako baten irudia.

Josep Loberak (2.a eskuinetik) NUPen ikertzaileekin egindako bileretako baten irudia.

Gobernuaren aholkularitza zientifikoa

Zientzia Aholkularitzako Bulego Nazionala (ONAC)  Espainiako Gobernuaren zuzendaritza-organo bat da, eta mekanismo instituzionalak ezartzeaz arduratzen da Gobernu zentralak erabakiak hartzean ezagutza zientifikoak pisu handiagoa izan dezan.

Josep Lobera zuzendariak ingeniaritzako eta soziologiako prestakuntza bikoitza du, eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Soziologiako irakasle titularra da. Iritzi publikoan espezializatua, Metroscopia institutu demoskopikoko ikerketako zuzendaria izan zen (2009-2012), eta Osasun Ministerioaren COVID-19aren aurkako Txertaketa Estrategiaren Lantalde Teknikoko kidea. Bere ikerketak aztergai ditu erakunde politiko eta zientifikoekiko jarrerak eta konfiantza soziala.

Bilera hori “Elkarrizketa estrategikoak” zikloko laugarrena da María Zubeldía Díaz Saïd Business School Oxfordeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) negozio-eskolako Ekintzailetza Zentroko zuzendariarekin, Joan Subirats Humet Unibertsitateetako ministro ohiarekin eta Cristina Garmendia Mendizabal Zientziako eta Berrikuntzako ministro ohi eta berrikuntzarako Cotec Fundazioko presidentearekin izandako bileren ondoren.