Joan eduki nagusira

Martxoaren 20an, osteguna, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Zuzenbide Kooperatiboari buruzko Mintegi Egonkorra inauguratu zuen. Erakunde akademikoko Zientzia Juridikoen Fakultateak eta Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak antolatu dute jarduera akademiko berria. Jardueraren helburua da jakintza arlo horri eta enpresa-garapenari buruzko gogoetarako eta eztabaida espezializaturako gune bat eskaintzea. Ekimen hori jarraitua da, eta arloko eragile juridiko eta ekonomikoen eta arlo horretan sakondu nahi duten ikasleen arteko topagune izateko jarri da abian.

zoom seminario derecho cooperativo

Jardunaldiko hizlariak. Goiko lerroan (ezkerretik eskuinera): Sandra Cavero, Rafael Lara, Aránzazu Pérez Moriones, Fernando Sacristán eta Enrique Gadea. Beheko lerroan (ezkerretik eskuinera): Maravillas Espín, Beatriz Rodríguez, Juan Luis García, Roldán Jimeno eta Ignacio Ugalde.

Saioa Nafarroako Gobernuarekin,Ekonomia Sozialeko Enpresen Nafarroako Elkartearekin (ANEL), Tafalla Iron Foundry S. Coop. Enpresarekin eta Euskadiko Kutxarekin lankidetzan egin zen, eta aztergai izan zuen “zuzenbide berri bat ekonomia sozial berri baterako”, arlorako garrantzitsua den une batean. Etorkizuneko estatuko legeak indarrean dagoen arau-esparrua eguneratuko du, eta ekonomia sozialaren zeregina indartu nahi du. Zifretan, ANELen arabera, eredu hori BPG nazionalaren % 10 da jada, eta 2,2 milioi pertsonari baino gehiagori ematen die enplegua; Nafarroaren kasuan, ekonomia soziala eskualdeko BPGaren % 10,6 da, eta enpleguaren % 12,8 biltzen du.

Araudi berri bat

Hiru espezialistak parte hartu zuten saio akademikoan. Zehazki, Maravillas Espín Sáez Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakasleak aztergai izan zuen Ekonomia Sozialari buruzko Lege Integralaren Proiektua. Lege proiektu horrek dakartzan berritasunen artean daude kudeaketa kooperatiboaren digitalizazioa, azpikontratazioko iruzurraren aurkako borroka eta laneratzeko enpresetako talde kalteberen birdefinizioa.

Bestalde, Enrique Gadea Soler Deustuko Unibertsitateko Merkataritza Zuzenbideko katedradunak balio eta printzipio kooperatiboak jorratu zituen bazkideen borondatearen autonomiaren muga gisa; eta Fernando Sacristan Bergia Rey Juan Carlos Unibertsitateko Merkataritza Zuzenbideko katedradunak aztergai izan zuen kooperatibako bazkideek duten erantzukizuna. Aránzazu Pérez Moriones Merkataritzako Zuzenbideko katedraduna izan zen ondoren egin zen eztabaidaren moderatzailea.

Inaugurazioa eta amaiera

Saioa Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (NAPI) Pío Baroja aretoan egin zen, eta inaugurazio ekitaldian ofizialki aurkezten zen mintegia eta haren lan ildoak testuinguruan jarri ziren.   Honako hauek parte hartu zuten irekiera mahaian: Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa, Roldán Jimeno Aranguren NUPeko idazkari nagusia eta Juan Luis García Martín Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria.

Honako hauen hitzaldiek eman zioten amaiera ekitaldiari: Ignacio Ugalde Barbería Tafalla Iron Foundry, S. Coop enpresako Giza Baliabideetako zuzendaria eta ANELen burua; Sandra Cavero Brújula NUPeko Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrako zuzendaria eta Rafael Lara González Merkataritzako Zuzenbideko katedraduna eta NUPeko antolatzen dituen Zuzenbide Kooperatiboari buruzko Jardunaldien zuzendaria. 

Ekonomia Sozialaren Astea

Zuzenbide Kooperatiboari buruzko mintegi egonkorra NUPeko Ekonomia Sozialaren VI. Unibertsitate Astearen barruan dago. Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak antolatu du Astea.   Asteko hurrengo ekitaldia martxoaren 26an, asteazkena, 11:00etatik 13:00etara eginen da ikertzaileen topaketarekin, “Akademia eta ekonomia sozial eta solidarioa lotzen: Nafarroan gizarte justu eta berdinzaleago bat izateko urratsak egiten” izenburupean. Ekitaldiaren helburua da ekonomia sozial eta solidarioaren errealitatea ezagutaraztea Nafarroan, Ekonomia Alternatibo eta Solidariorako Sareko (REAS) entitateen eta irakasle eta ikertzaileen arteko lankidetza sustatzea eta esparru horretan esanguratsuak diren ikergaiak aurkeztea. Topaketa Nafarroako REASekin lankidetzan eginen da Arrosadiko campuseko Magnolioen eraikineko Batzar-gelan (beheko solairua).

Asteko ekitaldi nagusia apirilaren 1ean, asteartea, eginen da Nafarroako Parlamentuan, “Sustrai kooperatiboak: hezkuntza eta enpresa etorkizuna eraldatzen” lelopean. Ekitaldia Ekonomia Sozialeko Enpresen Nafarroako Elkartearekin (ANEL) lankidetzan antolatu da, eta kooperatibismoan hezteak “gizartea eraldatzeko tresna” gisa duen garrantzia azpimarratuko du. Hitzaldi eta mahai-inguruen bidez, kooperatibismoaren printzipioak eta balioak aztertuko dira eta enpresa-eredu horrek zer nolako ekarpena egiten dion ekonomia justuago eta jasangarriago bati. Ekitaldian, zenbait ekimen aurkeztuko dira, hala nola EdukaCoop, zeinak ikastetxeak eta enpresak harremanetan jartzen baititu.

Jarduera horiei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu NUPen webgunea.

Ikertzeko eta zabaltzeko katedra bat

NUPeko Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedra 2022an sortu zuten Nafarroako Gobernuaren, ANELen eta erakunde akademikoaren arteko hitzarmen bati esker. Gero, bazkide gisa sartu ziren Euskadiko Kutxa, Tafalla Iron Foundry S. Coop eta Liceo Monjardín, Sociedad Cooperativa. Katedraren bidez, ekonomia sozialak enpresak kudeatzeko eredu gisa duen interesa sustatu nahi da, eta, horretarako, ikerketa, ikasgeletako jakintza eta eragile sozial eta ekonomikoenganako transferentzia bultzatuko dira.