Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Unibertsitateko Osasun Psikologikoaren Azterketa eta Balorazioa (EVAPSI) izeneko proiektua hasi du. Proiektuaren bidez, ikasleen osasun emozionalaren egoera aztertuko da, arrisku faktoreak identifikatuko dira eta ikasleen beharretara egokitutako prebentzio eta esku-hartze estrategiak diseinatuko dira. Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak finantzatu du ikerketa, eta 2025etik 2026ra bitartean eginen da. Ikerketaren helburua da arazo psikologikoen prebalentzia ezagutzea, hala nola antsietatea, depresioa, estresa, ideia suizidak edo substantzien kontsumoa, bai eta sare sozialen, bideojokoen, apustuen eta “online” pornografiaren gehiegizko erabilerak ikasleen osasun psikologikoan duen eragina ezagutzea ere. Gainera, ongizate psikologikoarekin lotutako faktore babesleak baloratuko dira, hala nola familia komunikazioa, erresilientzia eta babes soziala. Horretarako, zentsu-ikuspegia erabiliko da, unibertsitateko ikasle guztien datuak bilduz (10.000 lagun), estrapolaziorik edo laginetan oinarritutako zenbatespenik egin beharrik gabe.
NUPeko Osasun Zientzien Saileko hiru irakasle titularrek eginen dute ikerketa: Marta Beranuy Fargues, ikerketaren burua; Mark Beyebach eta Diego Rivera Camacho. Galdetegiak modu digitalean bildu eta kudeatuko dira, ongizate psikologikoa eta adikzioen arriskua ebaluatzeko baliozkotutako tresnak barne hartuta, eta, horrela, datuen konfidentzialtasuna bermatuko da.
Proiektuak Sendagaien Ikerketarako Etika Batzordearen (CEIm) onespena du, eta, proiektuaren emaitzekin unibertsitate-eremuan osasun psikologikoa sustatzeko programak diseinatuko dira, Unibertsitate Osasungarriaren Planarekin lerrokatuta.
Konpromisoa osasun mentalarekin
“Orain arte, NUPek erakutsi du konpromiso irmoa duela unibertsitate-komunitatearen osasun mentalarekin, Arreta Sanitario eta Psikologikoko Unitateak eskainitako arreta psikologikoko zerbitzuaren bidez, Dibertsitatearen eta Inklusioaren Unitatearekin lankidetzan — azaldu du Marta Beranuyk —. NUPek Unibertsitate Osasungarrirako Plan bat ezartzeko konpromisoari eusten dio, eta, ildo horretan, Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak EVAPSI proiektuaren ezarpenaren lehen bi urteak finantzatzen ditu. Proiektuaren azken helburua da ikasleek osasun mentalaren arloan dituzten behar espezifikoak identifikatu ahal izatea, bai eta talde kalteberak detektatzea ere, beren beharretara egokitutako prebentzioko eta esku-hartzeko estrategiak diseinatzeko”.