Rubén Etxarri Martín de Vidales Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Informatika Ingeniaritzan graduatuak web aplikazio bat diseinatu eta inplementatu du gradu amaierako lanean, Iruñeko Jaiotzazaleen Elkarteko boluntarioen txandak hobeki antolatzeko. Elkartearen lana martxoan hasten da urtero eta Eguberrietan Baluarte Biltzar Jauregi eta Auditorioan egiten den jaiotzen erakusketak ematen dio amaiera. Ugaitz Amozarrain Perez Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasleak zuzendu du lana, eta bikain kalifikazioa lortu du.


Ezkerretik eskuinera, Pedro Javier Martínez Iruñeko Jaiotzazaleen Elkarteko burua, Rubén Etxarri lanaren egilea eta Ugaitz Amozarrain, NUPen.
Lanaren egileak azaldu duenez, aplikazioa hutsetik diseinatu zen, pentsatuz boluntario asko adinekoak direla eta trebetasun teknologiko txikia izan dezaketela. Bestalde, Elkarteak lanaren tutoreari eta epaimahaiari esker oneko gutun bat helarazi die aplikazioa egiteagatik, eta aditzera eman die “oso erabilgarria” dela hainbat urtez eskuz egin den eta 2020tik behin-behineko bertsio digitala zuen lana antolatzeko. Aplikazioa jada erabili da aurtengo kanpaina prestatzeko, eta kontuan hartu dira bai diseinua eta bai alderdi teknikoak eta aplikazioan erabiltzen diren datu pertsonalen babes egokia ere.
Elkarteak adierazi duenez, dituen 670 boluntarioetatik 200 inguruk parte hartzen dute Eguberrietako kanpainako txanden antolaketan (jaiotzak muntatzeko eta desmuntatzeko lanak eta Baluarte Biltzar Jauregi eta Auditorioan ikusgai dagoen erakusketaren arreta). “Interfazearen parte batek bazkideen iruzkinen araberako bilakaera izan du, eta horrek erakutsi du ikaslearen egokitzeko eta erreakzionatzeko gaitasun handia”, esan du Íñigo Aguas Ardaiz Elkarteko mahaikide eta sistema digitalen arduradunak. Elkartearen beharrak ikasleari azaltzeaz eta helarazteaz ere arduratzen da Aguas.
Iruñeko Jaiotzazaleen Elkartea
Iruñeko Jaiotzazaleen Elkartea 1953an sortu zen irabazi-asmorik gabeko elkarte modura, eta bazkideak arduratzen dira bere jarduerak egiteko zeregin guztiez. Jarduera aipagarrienak dira, esan dugunez, Eguberrietan jaiotzak jartzea Iruñeko zenbait lekutan (Iruñeko Udaleko atalondoa edo Iruñeko katedrala), eta, bereziki, Baluarteko erakusketa. Jarduera horiek guztiak egiteko, 150 lagunek baino gehiagok egiten dute lan martxotik aurrera gero 4 egunean jartzen diren jaiotzak egiten. Amaierako erakusketa hilabete baino gehiago egoten da irekita, eta azken edizioan 31.000 lagunek baino gehiagok ikusi zituzten lanak.