Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bere VI. Plan Estrategikoa (2025-2028) egiten jarraitzen du, hau da, erakundeak datozen urteetan garatzeko duen bide-orria. Zehazki, 130 lagun gonbidatu ditu, bai unibertsitateko komunitatekoak bai profesional independenteak, eta, sei lantalde tematikotan banatuta, hainbat esparru estrategikotako ekintza-ildo nagusiak aztertzen eta eztabaidatzen ari dira: prestakuntza, ikerketa, nazioartekotzea, pertsonak, proiekzioa, eta antolaketa eta baliabideak.


Argazkia: Prestakuntzari buruzko lantalde tematikoaren bilera, 2025-2028 Plan Estrategikoa prestatzeko saioetako batean.
Prozesua 2024an hasi zen, egoeraren diagnostikoa egiteko lehen bilera parte-hartzaileak egiten hasi zirenean, plan estrategikoaren oinarri gisa. Lantaldeek lanean jarraitzen dute, eta haien helburua da proposamen eta ekarpenak jasotzea, aipatutako funtsezko sei arloetan neurri zehatzak definitzea ahalbidetuko dutenak.
Taldeak, errektoreordeak, idazkari nagusia eta kudeatzailea buru dituztela, bilerak egiten ari dira VI. Planaren oinarri estrategikoak eta aztergai diren ekintza-ildoak aurkezteko. Gero, parte-hartzaileek aukera dute beren ikuspegi eta iradokizunen berri emateko, eta, horrenbestez, beren ezagutzekin eta esperientziarekin prozesua aberasteko.
Bileren antolaketan parte hartu du NUPeko Gizarte Kontseiluak, gizarteak erakunde akademikoan parte hartzeko kide anitzeko organoak. Erakunde akademikoaren eta Nafarroako erakundeen eta sare sozialaren arteko lotura-lana egiten du organo horrek. Zehazki, Foru Komunitateko eta Nafarroako Gobernuko enpresa eta entitate liderretako profesional independenteak gonbidatu ditu.
Ingurunearekin lerrokatutako estrategia
Mónica Cortiñas Ugalde Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordeak nabarmendu du prozesu parte-hartzaile horren garrantzia, “ingurune akademiko, zientifiko eta sozialaren beharrekin lerrokatutako estrategia bat definitzea ahalbidetuko baitu”. Saio horietan bildutako ekarpenak plana diseinatzeko azken fasean jasoko dira. Planak datozen urteetarako jarraibideak ezarriko ditu.
“NUPeko VI. Plan Estrategikoak jarraipena ematen dio finkatutako plangintza-ibilbide bati, eta erakunde akademikoaren zeregina indartu nahi du funtsezko arloetan, hala nola hezkuntza-berrikuntza, ikerketa-bikaintasuna eta nazioartekotzea, Nafarroako gizartearen bizi-kalitatea hobetzeko helburu nagusiarekin”, gaineratu du Monica Cortiñasek.
Topaketak egin ondoren, NUPek proposamen osagarriak jasotzeko epea irekiko du, parte-hartzaileek azken ekarpenak bidal ditzaten behin betiko dokumentua itxi baino lehen.