Joan eduki nagusira

Martxoaren 27an, osteguna, “Migrazio eredu baliogabe bat betikotzearen ondorioak” aztertuko ditu Gonzalo Fanjulek Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Demokrazia Eskolan. Ekitaldirako sarrera librea izanen da, eta 19:00etan hasiko da Bisitazioko Amen komentu zaharreko Pinaquy aretoan (sarrera San Frantzisko kaleko 5 zenbakitik).

zoom NUPen Arrosadiko campusa.

NUPen Arrosadiko campusa.

Gonzalo Fanjul Suárez ikertzaile eta aktibista gailena da pobreziaren eta desparekotasunaren aurkako borrokan, eta bi hamarkada baino gehiagoko esperientzia du Espainian, Perun eta Ameriketako Estatu Batuetan. Gaur egun, Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuko (ISGlobal) Politikak aztertzeko Atalaren zuzendaria da, eta PorCausa Fundazioaren sortzaileetako bat. Ekimen horrek politikei buruzko ikerketa eta komunikazioa uztartzen ditu pobreziari eta migrazioei buruzko gaiak jorratzeko.

Londresko Overseas Development Instituterako (ODI) migrazioei buruzko ikertzaile elkartua ere bada. 2018an,  Ashoka  ekintzaile sozialen sareko fellow izendatu zuten. Kolaboratzaile aritzen da idatzizko eta ikus-entzunezko zenbait komunikabidetan, eta El Paíseko “3.500 Millones” blogaren egilea eta editorekidea da –FAOren 2012ko Saria jaso zuen blogak–.

Hamar urtez Oxfam Intermoneko Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria izan ondoren, urtebetez aritu zen Harvardeko Unibertsitateko Kennedy School of Governmenten, non Lant Pritchettekin kolaboratu baitzuen migrazioei eta garapenari buruzko ikerketetan. Herrialde aberatsetan pobrezian dauden haurrei buruz Innocenti-UNICEFek argitaratutako Report Card 12 txostenaren egile nagusia da, eta Center for Global Development zentroko Migrazio Programako kolaboratzailea ere bai. 2016an, Leonardo Sarean sartu zen, BBVA Fundazioak sustatutako ikerketa-bikaintasuneko sarean.

Bere prestakuntza akademikoari dagokionez, ekonomiaren, pobreziaren eta nazioarteko garapenaren arloko ikasketak ditu eginak, eta graduondoko bat Harvardeko Unibertsitateko Kennedy School of Government zentroan. Bere ibilbidean, hainbat analisi argitaratu ditu osasun globalari, nazioarteko migrazioei, elikagaien segurtasunari, merkataritzari eta garapenerako laguntzari buruz.

NUPeko Demokrazia Eskola

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Demokrazia Eskola interpretazio-gako funtsezkoetako batzuk Nafarroako herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin sortu da, egoera politikoa ulertzen eta gaurkotasun demokratikoaren barrenaldeak aztertzen ikas dezaten. Nazioko eta nazioarteko eztabaida intelektualean agertzen diren gai eta polemika garrantzitsuenetako batzuk aztertu eta eztabaidatuko dira, eta, horretarako, landuko den alderdi bakoitzeko adituak ekarriko dira. Jorge Urdánoz Ganuza irakaslearen ekimena da, eta Iruñeko Udalaren laguntza du ekimenak.