Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak bisitaldi bat antolatu du 50 ikaslerekin Tracasa Instrumental eta Tracasa Global enpresen instalazioetara. Instalazioak Sarrigurenen daude (Eguesibar). Eva Perujuániz Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko zuzendari nagusiak eta Daniel Goñi Tracasa Instrumentaleko zuzendari kudeatzaile eta Tracasa Globaleko kontseilari delegatuak egin diete harrera ingeniaritzako graduetako eta masterretako ikasleei, eta Nafarroako Gobernuko bi enpresa publikoek software-ingeniaritzan, informazio-sistemetan, datu espazialen analisian eta lurraldearen kudeaketan egiten duten lana ezagutzeko aukera izan dute.


NUPeko ikasle eta irakasleak, Tracasako eta Nafarroako Gobernuko langileekin batera, enpresa publikoaren instalazioetan.
NUPeko taldea unibertsitateko bost irakaslek eta 50 ikaslek osatu dute, guztiak ere Ingeniaritza Informatikoa, Datuen Zientzia, Ingeniaritza Biomedikoa, Telekomunikazio Ingeniaritza eta Nekazaritzako Ingeniaritzako graduetakoak eta Ingeniaritza Informatikoa, Ingeniaritza Biomedikoa, Proiektuen Kudeaketa eta Informazio Geografikoko Sistemetako eta Teledetekzioko masterretakoak.
Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedra
NUPeko Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedra 2023ko otsailean sortu zuten aipatu unibertsitateak eta Nafarroako Gobernuak Tracasa Instrumental sozietate publikoaren bidez. Haren helburua da ezagutza sortzea eta hedatzea informazioaren teknologien arloan, datuen tratamenduaren, prozesamenduaren eta analitika aurreratuaren bidez, bai eta irtenbide berritzaileak lantzea ere administrazio publikoaren, lurraldearen eta gizartearen arloan.