Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egindako ikerketa batek giza arnasan gasak detektatzeko gai diren doitasun handiko sentsore fotoniko eta optikoak garatu ditu, eta horrek gaixotasunak goiz diagnostikatzen lagun dezake. Elieser Ernesto Gallego Martínez ingeniariak (Pinar del Río, Kuba, 1985) bere doktoretza tesian egindako lan horri esker gailu horien sentsibilitatea eta analisirako gaitasuna hobetu dira, eta diabetesa edo zelulen zahartzea bezalako patologiekin lotutako konposatuak identifikatzea errazten du.

Garatutako sentsoreek argia erabiltzen dute aire-lagin batean dauden gasak aztertzeko. Horretarako, Elieser Ernesto Gallegok galerak dituzten moduen erresonantziak (LMR, ingelesezko sigletan) izeneko fenomeno fisiko bat du oinarri, eta substantzia jakin batzuen presentzia zehaztasun handiz detektatzeko aukera ematen du horrek. Sentsore horiek adimen artifizialarekin konbinatuta, detekzio-muga murriztu eta analisi bakar batean detekta daitezkeen gasen kopurua handitu da.

zoom Elieser Ernesto Gallego ingeniaria, NUPeko doktore berria, NUPeko Arrosadiko campusean.

Elieser Ernesto Gallego ingeniaria, NUPeko doktore berria, NUPeko Arrosadiko campusean.

Ikerketaren aurrerapen garrantzitsuenetako bat arnasan azetona detektatzea izan da, diabetesarekin lotutako konposatu kimiko bat. Perfluorarcoptix (PFA) izeneko material espezifiko baten erabilerari eta ikasketa automatikoko teknikei esker, ikertzaileak gas hori kontzentrazio oso baxuetan identifikatzea lortu du.

Estres oxidatiboaren detekzioa

Beste aurkikuntza garrantzitsu bat etilenoaren detekzioa izan da, organismoan dagoen estres oxidatiboaren biomarkatzaile bat. Hemodialisia bezalako tratamendu medikoen ondoren, gas horrek arnasean duen kontzentrazioa handitzen da, eta gas hori erabiltzen ahal da zelulen zahartzea eta pazienteen organismoan dagoen kalte oxidatiboa ebaluatzeko. Sentsoreen eta eztainu oxidozko estalduren arteko konbinazioari esker, etilenoa kantitate txikietan identifikatu ahal izan da, eta horrek atea ireki dio osasun metabolikoaren jarraipenean aplikatzeko aukerari.

Gainera, ikertzaileak MORS (Multivariate Optical Resonances Spectroscopy) izeneko metodo berri bat garatu du, eta metodo horrek zenbait gas aldi berean detektatzeko aukera ematen du. Sistema horrek oxido nitrikoa, azetilenoa eta amoniakoa bezalako konposatuak identifikatzea lortu du, guztiak arnas gaixotasunekin eta gaixotasun metabolikoekin lotutakoak. Arnasaren analisi azkar eta zehatza egiteko aukera tresna erabilgarria izan daiteke hainbat patologiaren diagnostiko ez-inbaditzailerako.

NUPeko bi katedradun hauek zuzendu dute Elieser Ernesto Gallegoren doktoretza-tesia: Ignacio Raúl Matías Maestro eta Carlos Ruiz Zamarreño, Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaileak.

Curriculum laburra

Elieser Ernesto Gallego Martínez tesiaren egilea 2009an graduatu zen ohorearekin (“urrezko titulua”) Telekomunikazioko eta Elektronikako Ingeniaritzan Pinar del Ríoko Unibertsitatean (Kuba). Erakunde horretan hasi zuen bere ibilbide akademikoa irakasle nagusiaren kategoria lortu arte, Hezkuntzaren Zientzietako Masterra egin ondoren (Hezkuntzako Teknologiako aipamenarekin). 2022an, NUPera joan zen TECOMBER doktoretza programako ikasketak hasteko (Bioingeniaritza eta Komunikazioen eta Energia Berriztagarrien Teknologiak). 

Haren ikerketa-lerroaren barruan daude ahotsa konprimitzeko teknikak, konputagailuaren bidezko ikusmena, elektroentzefalografiaren analisia (EEG) eta sentsore optikoak. Bere lana dela eta, ikerketa-egonaldiak egin ditu NUPen (Erasmus+ beka batekin, 2017), UESTCen (Txinako Zientzia eta Teknologia Elektronikoko Unibertsitatean, Txinako Beken Kontseiluaren beka batekin, 2018-2019) eta Radboud Universityn (Nimega, Herbehereak, Nafarroako Gobernuaren beka bati esker, 2023).

Bere ibilbidean, bi sari jaso ditu Kuban: MATLABeko Programazioko Sari Nazionala  (2009) eta Ikertzaile Gazteentzako Sari Probintziala (Pinar del Río, 2011).