Joan eduki nagusira

Maite Larriqueta Tirapu eta Nerea Lakuntza González Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erizaintzako Graduko egresatuek 11. eta 18. postuak lortu dituzte, hurrenez hurren, Barneko Erizain Egoiliarraren (EIR) azterketan. Edizio honetan, 2.171 postu eskaini ditu Espainia osorako. Bi erizainek erizaintza obstetriko-ginekologikoaren espezialitatea egin nahi dute (emagina). 

Maite Larriqueta Tirapuk (Burlata, 2002) Regina Pacis ikastetxean eta Ibaialde BHIn ikasi zuen. NUPeko gradua 2024an amaitu zuen, eta unibertsitateko irakasleen kalitatea eta lortutako prestakuntza nabarmendu ditu: “Lehen urtetik praktikak egiten ditugu laborategian, simulazioak eta abar, eta bigarren urtetik aurrera ospitalean ikasten dugu, eta hori oso garrantzitsua da lanbide honetarako”, adierazi du. 

zoom Ezkerretik eskuinera, Maite Larriqueta eta Nerea Lakuntza, NUPeko Osasun Zientzien Fakultatean.

Ezkerretik eskuinera, Maite Larriqueta eta Nerea Lakuntza, NUPeko Osasun Zientzien Fakultatean.

Bestalde, Nerea Lakuntza Gonzálezek (Arbizu, 2002) San Donato ikastetxe publikoan (Etxarri Aranatz) egin zuen Lehen Hezkuntza eta Altsasu BHIn Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa. NUPeko gradua 2024an amaitu zuen, eta prestakuntzaren kalitatea azpimarratzen du orobat: “Eskaintzen diguten ebidentzia zientifikoa egungoa da, eta irakasle-taldeak ahal duen guztia egiten du titulazioa ezagutza finkatuekin amai dezagun. Gainera, graduari esker, erizaintzan hainbeste behar den “talde” sentsazio hori sentiarazi didaten lagun berriak egin ditut”, esan du.

EIR azterketa

EIR azterketa (Barneko Erizain Egoiliarra) Espainiako mailako oposizio bat da, urtero egiten dena, eta erizainek gainditu egin behar dute Espainiako Osasun Sistema Nazionalean prestakuntzako espezialista izateko postu bat lortzeko. Sei espezialitate daude aukeran, eskainitako postuak adierazita: familia- eta komunitate-erizaintza (919 lanpostu), erizaintza ginekologikoa eta obstetrikoa (emagina), 451 lanposturekin, osasun mentaleko erizaintza (351), erizaintza pediatrikoa (265), erizaintza geriatrikoa (92) eta laneko erizaintza (93).

Azterketak test motako 200 galdera ditu gehi 10 ordezko, eta ez dago gai-zerrenda ofizialik. Espezialitatea aukeratzerakoan, azterketaren notak puntuazio osoaren % 90 hartzen du, eta beste % 10 Erizaintzako titulazioan lortutako espediente akademikoa da.