Joan eduki nagusira

NUPeko graduko, masterreko eta doktoretzako ikasle guztiak (10.000 lagun) hautetsontzietara deituta daude martxoaren 24an, 25ean eta 26an, UNITAko Ikasleen Biltzarrerako hauteskundeetan parte hartzeko. Hauteskundeak batera eginen dira UNITA europar aliantzako unibertsitate guztietan “online” bozketa-sistema baten bidez, eta Aliantzako ikasleek beren ordezkariak hautatuko dituzte datozen bi urteetarako (zortzi ordezkari unibertsitate bakoitzeko). UNITAk Biltzarra eratzeko antolatzen dituen lehen hauteskundeak dira, eta ekimen aitzindiaria da Europako unibertsitate-aliantzen artean. 

Botoa emateko prozedurari dagokionez, ikasle bakoitzak botoa emateko eskubidea erabiltzen ahalko du “online” plataforma baten bidez. Edozein gailu elektronikotatik sartzen ahalko da plataformara, nortasuna aldez aurretik egiaztatu ondoren. Gaituta egonen da ordutegi hauetan: Martxoaren 24an eta 25ean, 9:00etatik 21:00etara; eta martxoaren 26an, 9:00etatik 16:00etara. 

zoom UPNITA zerrenda, UNITAko Biltzarrerako ikasle hautagaiek osatua. Ezkerretik eskuinera: Ines Asan Barut, Leyre Izaskun Alomia Vargas, Destiny Williams Edokpolor, Adriana Escudero Rus, Irene Alonso Delgado eta Natalia Lusarreta García.

UPNITA zerrenda, UNITAko Biltzarrerako ikasle hautagaiek osatua. Ezkerretik eskuinera: Ines Asan Barut, Leyre Izaskun Alomia Vargas, Destiny Williams Edokpolor, Adriana Escudero Rus, Irene Alonso Delgado eta Natalia Lusarreta García.

NUPeko ikasleek UPNITA zerrendako pertsona bati edo batzuei ematen ahalko die botoa, zerrenda hori baita aurkeztu den bakarra. Hainbat titulaziotako ikasleek osatzen dute, eta NUPeko hiru campusak ordezkatzen ditu (Arrosadia, Osasun Zientzien campusa eta Tutera). 

Bere hauteskunde-programan, helburu nagusiak dira UNITAko kide izateak NUPi dakarzkion onurak ezagutaraztea eta, gainera, Aliantzak eskaintzen dituen mugikortasun-programa, beka, nazioarteko sare eta aukera akademiko eta laboralei buruzko informazioa NUPeko ikasle guztiengana iritsiko dela bermatzea. Proposamen zehatz gisa, proposatu dute unibertsitate konektatuago eta eskuragarriago bat lortzea, nazioarteko mugikortasun eta aukera kopurua handitzea eta nazioarteko harremanetarako sareak sortzea; hori guztia ikasleen ordezkaritza garden eta independente baten bidez.

Honako lagun hauek osatzen dute zerrenda: Ines Asan Barut (Ingeniaritza Mekanikoko Gradua), Adriana Escudero Rus (Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Ekonomiako Gradu Bikoitzaren Nazioarteko Programa), Destiny Williams Edokpolor (Zuzenbideko Gradua), Irene Alonso Delgado (Fisioterapiako gradua), Natalia Lusarreta García (Diseinu Mekanikoaren Ingeniaritzako Gradua), Leyre Izaskun Alomia Vargas (Gizarte Laneko Gradua) eta Elena-Pilar Segura Gárate (Psikologiako Gradua). 

Zerrenda bakarra bada ere, Aliantzak nabarmendu du partaidetza esanguratsua lortzearen garrantzia, horrela NUPeko ikasleen babesa eta hautatutako pertsonen ordezkagarritasuna bermatzeko.

UNITAko Ikasleen Biltzarra

Ikasleen Biltzarra UNITAko unibertsitate bakoitzeko ikasleen zortzina ordezkarik osatzen dute, eta Aliantzaren gobernu-organo autonomo bat da, erakundea osatzen duten pertsonek zuzendua. Haren kideek erabakiak hartzeko prozesuan parte hartzen dute zenbait organotan esku hartuz, hala nola Gobernu Kontseilua, Kalitate eta Ebaluazioa Kontseilua, Kudeaketa Batzordea eta UNITAko lantaldeak.

Organo hori urtean behin biltzen da presentzialki unibertsitate bazkideetako batean, eta Aliantzaren funtsezko zati bat da, UNITAko ikasle guztien behar, proposamen eta kezkez arduratzen baita. 

UNITA – Universitas Montium  

UNITA – Universitas Montium aliantza 2020an sortu zen, eta egun honako hauek osatzen dute: hamabi unibertsitate, eskubide osoko hamar bazkide (horien artean NUP 2023tik) eta bi erakunde elkartu. Beraz, 250.000 ikasleko eta 22.000 laguneko giza taldea irakasleen eta teknikari eta administrazioko langileen artean. 

Honako hauek dira unibertsitate bazkideak: Barnealdeko Beirako Unibertsitatea eta Guardako Institutu Politeknikoa (Portugal); Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea (Espainia); Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Savoia Mont Blanceko Unibertsitatea (Frantzia); Turingo Unibertsitatea eta Bresciako Unibertsitatea (Italia); Timisoarako Mendebaldeko Unibertsitatea eta Brasoveko Transilvania Unibertsitatea (Errumania). Honako erakunde hauek parte hartzen dute elkartu gisa: Mendebaldeko Suitzako Goi Mailako Eskola Espezializatua - HES-SO (Suitza) eta Yuriy Fedkovych Chernivtsi Unibertsitate Nazionala (Ukraina). 

Horiek guztiek ezaugarri komun hauek dituzte: eskualde menditsuetan daude, beren herrialdeetako mugetatik gertu eta hizkuntza erromantzeak hitz egiten diren lekuetan.  

2025eko otsailetik, Ramón Gonzalo NUPeko errektorea da Aliantzako burua.