Amalia Ortiz Nicolás irakaslea da Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Hezkuntzaren Berrikuntzarako Goi Mailako Ikastegiko zuzendari berria. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errealitate Birtualeko Laborategiko koordinatzailea ere bada 2022/23 ikasturteaz geroztik.
Amalia Ortizek Ingeniaritza Informatikoa egin zuen ESIDE Deustuko Unibertsitatean (Bilbo). Gero Errealitate Birtualeko masterra egin zuen ESIDE Deustuko Unibertsitatean. 2008an, doktoretza lortu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean hiru dimentsioko abatarren bidezko interakzio emozionaleko lerroan.
Zortzi urtez, Vicomtech Zentro Teknologikoan aritu zen ikerlari, eta Hezkuntzarako, Aisialdirako eta E-Inklusiorako Elkarrekintza arloko zuzendaria izan zen. Gero, bi urtez, I+G+b-ko arduraduna izan zen ENNE bideojokoen enpresan. 2012tik 2019ra bitartean, VISIONA Control Industrial enpresako eragiketen zuzendaria izan zen. Enpresa horrek ikusmen artifizialeko aplikazioak diseinatzen eta garatzen ditu. 2019tik aurrera, lanaldi osoan hasi zen NUPen, eta han irakaslanean ari zen irakasle elkartu gisa 2008tik.
Irakaskuntza-, ikerketa- eta dibulgazio-jarduera
Eskualdeko, Espainiako eta Europako zenbait ikerketa-proiektutan parte hartu du. Bere ikerketa-jardueraren ondorioz, aldizkari zientifikoetan eta biltzarretan argitaratutako zenbait artikulutan parte hartu du, guztiak ere konputazio afektiboaren eta Errealitate Birtualeko sistemetako pertsonaren eta makinaren arteko interakzioaren arloan.
Dibulgazio zientifikoko zenbait jarduera egin ditu. Lehenik eta behin, Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrako kidea da, eta han emakumearekin eta zientziarekin lotutako dibulgazio jarduerak egiten dituzte, hala nola “Emakumea naiz eta zientzialaria izan nahi dut” antzezlana. Bestelako dibulgazio mota bat ere egin du, eta gonbidatu gisa parte hartu du “Zientzia puntu-puntuan” podcastean edo hizlari gisa dibulgazio zientifikoko ekitaldi eta jardunaldietan.
Irakaskuntzaren esparruan, irakaslanaren bi ebaluazio lortu ditu, eta Errealitate Birtualarekin lotutako irakaskuntza berrikuntzako proiektuetan parte hartu du. 3 doktoretza-tesi zuzendu ditu, eta egun beste hiru ari da zuzentzen, guztiak ere konputazio afektiboaren eta errealitate birtualaren arlokoak.