Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) gaur arratsaldean, osteguna, martxoak 20, hasiko du Ekonomia Sozialaren VI. Unibertsitate Astea. Erakunde akademikoko Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak antolatu du Astea. Programatutako jardueren helburua da kooperatibismoa sustatzea eta Nafarroako ekonomia sozialeko entitateen eta esparru akademikoaren arteko lankidetza sendotzea, eta zuzenbide kooperatiboari buruzko mintegi bat, Ekonomia Alternatibo eta Solidariorako Sareko (REAS) entitateen eta ikertzaileen arteko topaketa bat eta kooperatibismoan hezteari buruz Nafarroako Parlamentuan eginen den jardunaldi bat eginen dira.
Kronologikoki, programari hasiera emanen dio Zuzenbide Kooperatiboari buruzko Mintegi Egonkorraren inaugurazio ekitaldiak. Arratsalde honetan, 16:30ean, eginen da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (NAPI) Pío Baroja aretoan. Mintegia, NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultatearekin lankidetzan antolatua, ekonomia sozialak egun dituen erronka juridiko eta normatiboei buruzko gogoetarako gunea izanen da. Zuzenbide kooperatiboko, ekonomia sozialeko eta administrazio publikoko adituek arau-esparrua eta sektorearen garapenean duen eragina aztertuko dituzte.
Topaketa ikertzaileekin
Martxoaren 26an, asteazkena, 11:00etatik 13:00etara, ikertzaileen topaketa eginen da “Akademia eta ekonomia sozial eta solidarioa lotzen: Nafarroan gizarte justu eta berdinzaleago bat izateko urratsak egiten” izenburupean. Ekitaldiaren helburua da ekonomia sozial eta solidarioaren errealitatea ezagutaraztea Nafarroan, Ekonomia Alternatibo eta Solidariorako Sareko (REAS) entitateen eta irakasle eta ikertzaileen arteko lankidetza sustatzea eta esparru horretan esanguratsuak diren ikergaiak aurkeztea. Topaketa Nafarroako REASekin lankidetzan eginen da, eta Arrosadiko campuseko Magnolioen eraikineko Batzar-gelan eginen da (beheko solairua).
Asteko ekitaldi nagusia apirilaren 1ean, asteartea, eginen da Nafarroako Parlamentuan, “Sustrai kooperatiboak: hezkuntza eta enpresa etorkizuna eraldatzen” lelopean. Ekitaldia Ekonomia Sozialeko Enpresen Nafarroako Elkartearekin (ANEL) lankidetzan antolatu da, eta kooperatibismoan hezteak “gizartea eraldatzeko tresna” gisa duen garrantzia azpimarratuko du. Hitzaldi eta mahai-inguruen bidez, kooperatibismoaren printzipioak eta balioak aztertuko dira eta enpresa-eredu horrek zer nolako ekarpena egiten dion ekonomia justuago eta jasangarriago bati. Ekitaldian, zenbait ekimen aurkeztuko dira, hala nola EdukaCoop, zeinak ikastetxeak eta enpresak harremanetan jartzen baititu.
Jarduera horiei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu NUPeko Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren web-orrialdea.
Sandra Cavero Brújula irakasle eta ikertzaileak zuzentzen duen Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedra 2022an sortu zuten Nafarroako Gobernuaren, Ekonomia Sozialeko Enpresen Nafarroako Elkartearen (ANEL) eta erakunde akademikoaren arteko hitzarmen baten bidez. Gero, bazkide gisa sartu ziren Euskadiko Kutxa, Tafalla Iron Foundry S. Coop eta Liceo Monjardín Sociedad Cooperativa. Katedraren bidez, ekonomia sozialak enpresak kudeatzeko eredu gisa duen interesa sustatu nahi da, eta, horretarako, ikerketa, ikasgeletako jakintza eta eragile sozial eta ekonomikoenganako transferentzia bultzatuko dira.