Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) amaitu berria den europar proiektu batean parte hartu du. Proiektuaren helburua da aluminioaren meatzaritzako hondakinetatik metal estrategikoak lortzea. Proiektuaren izena ABTOMAT da, eta unibertsitateen eta enpresen artean Txekiar Errepublikako, Turkiako, Suediako, Estoniako eta Espainiako 12 bazkidek parte hartu dute. Horietako bat izan da NUP. Zehazki, azken erakunde horren zatia INAMAT2 Institutuko Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritza taldeko ikertzaileek garatu dute.
ABTOMAT proiektuak interes estrategiko handia eta ingurumenaren arloko interesa ditu, NUPeko ikertzaile taldeak azaldu duenez. Aluminioaren meatzaritzako hondakinak aprobetxatzen ditu (lohi gorriak) askotariko metalak lortzeko, lehen alferrik galtzen zen aluminio hondakinetik hasi eta garrantzi teknologiko handia duten beste elementu batzuetara (zirkonioa, kromoa, nikela, banadioa eta lur arraro kopuru handi bat).
Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak finantzatu du NUPen parte-hartzea, eta Bartzelonako Unibertsitatearen laguntza izan du zenbait lan egiteko, hala nola Turkiako Seydişehir ustiategiko lohi gorrien laginetatik lur arraroak ateratzeko prozesuen garapena. Lagin horietatik zerio, lantano, neodimio, eskandio eta itrio kantitate esanguratsuak atera ahal izan dira.
Bauxitaren edo alternatiba bat aurkitzearen garrantzia
Partzuergoan, bauxita meatokiak ustiatzen dituzten enpresa turkiarrek parte hartu dute. Bauxita da aluminio primarioaren ekoizpeneko mineral nagusia, Anatoliako penintsulan (Turkiakoa). Bauxita EBren CRM 2020 lehengai kritikoen zerrendan zegoen, garrantzi estrategikoa baitu Europako ekonomiaren eta industriaren jasangarritasunerako. “Europako bauxita erreserbak murrizten ari dira, haien kalitatea degradatzen ari da eta, oro har, erabilgarritasuna murrizten. Bauxitaren hornidura nahikoa eta segurua bermatzearen edo ordezko egokia aurkitzearen garrantzia funtsezkoa da Europar Batasunaren independentzia eta autosufizientziari eusteko”, adierazi dute NUPeko adituek. “Bauxitaren mundu mailako horniduren % 90 inguru eremu tropikal eta subtropikaletan daude”, diote.
Bauxitatik ateratzen den lehen produktua aluminio oxidoa da (alumina), eta hortik aluminioa atera daiteke. Prozesu horretan, hondakin-azpiproduktuen kantitate handiak sortzen dira (zepak eta lohi gorriak). Hondakin horiek, bereziki lohi gorriek, oraindik aluminioaren eta beste metalen kantitate handiak dituzte, horietako asko estrategikoak, baina orain arte, lohi gorriaren deuseztapena eta baliabideen erabilera mugatuta daude, alkalinotasun handia dutelako eta elementu kaltegarriak dituztelako.
Horregatik guztiagatik, ABTOMAT proiektua produktu anitzeko prozesu metalurgiko malguak garatzera bideratu da, Europa erdialdeko eta Turkiako meatokietatik eta ustiategietatik datozen eta bauxitaren ordezko izan daitezkeen lehengaiak eta bigarren mailako kalitate txikiko lehengaiak erabiliz alumina, aluminioa eta metalezko beste elementu batzuk ekoizteko, hala nola lur arraroak. Zeregin horretan, ekonomia zirkularraren, zero hondakinen eta bizi zikloaren kostuaren ebaluazioaren printzipioekin lotutako ikuspegi holistikoak planteatu dira.