Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) deialdi bat zabaldu du UNITA europar aliantzako unibertsitateak dauden herrialdeetako landa-destinoetan curriculumetik kanpoko praktikak egiteko. Ekimena graduko, unibertsitateko masterreko eta doktoretzako ikasleei dago zuzenduta, eta UNITAren asmoa da, mugikortasun fisiko baten bidez, landa- eta mendi-eremuak indartzea Aliantzako unibertsitateek kudeatutako destino batean.    Zehazki, NUPeko ikasleek deialdian jasotako sei laguntzetako bat eskatu ahal izanen dute Aliantza osorako eskainitako ehun postu baino gehiago lortzeko. Kasu guztietan, UNITA unibertsitateek Portugalen, Frantzian, Italian, Errumanian eta Suitzan dituzten egoitzetatik hurbil dauden landa-udalerrietako enpresa, elkarte eta erakundeetan eginen dira praktikak, jatorrizko herrialdekoak kanpoan utzi baitira. Destino eta postu guztiak katalogo honetan daude kontsultatzeko.

zoom Goretti Barriola Artieda (eskuinetik lehena, atzeko aldean), NUPeko Medikuntzako ikaslea, beste ikasle batzuekin, landa-destinoen programari esker aurreko udan Errumanian egindako praktiketan.

Goretti Barriola Artieda (eskuinetik lehena, atzeko aldean), NUPeko Medikuntzako ikaslea, beste ikasle batzuekin, landa-destinoen programari esker aurreko udan Errumanian egindako praktiketan.

Egonaldiak gutxienez hiru astekoak eta gehienez lau hilabetekoak izanen dira, eta, oro har, ekainetik irailera bitartean eginen dira. Iraupena zein den, parte-hartzaileak, unibertsitate hartzailean bere praktikaren arduraduna den pertsona baten tutoretzapean egonen baita, dagokion laguntza jasoko du. 

Eskaerak “online” tramitatuko dira, eta ikasle bakoitzak bi mugikortasun aukeratuko ditu gehienez ere. Eskaerak aurkezteko epea martxoaren 30ean bukatuko da. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu NUPeko webgunea.

Nazioarteko ingurune bateko landa-mugikortasuna da UNITAren ekimenik berritzaileenetako bat Europako beste unibertsitate-aliantza batzuekin alderatuta. Programa horren bidez partzuergoko unibertsitateko ikasleen gaitasunak indartzeaz eta enplegagarritasuna hobetzeaz gain, unibertsitateak kokatuta dauden eskualdeen lurralde-garapenean laguntzea da helburua. 

UNITA – Universitas Montium  

UNITA – Universitas Montium aliantza 2020an sortu zen, eta egun honako hauek osatzen dute: hamabi unibertsitate, eskubide osoko hamar bazkide (horien artean NUP 2023tik) eta bi erakunde elkartu. Beraz, 250.000 ikasleko eta 22.000 laguneko giza taldea irakasleen eta teknikari eta administrazioko langileen artean. 

Honako hauek dira unibertsitate bazkideak: Barnealdeko Beirako Unibertsitatea eta Guardako Institutu Politeknikoa (Portugal); Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea (Espainia); Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Savoia Mont Blanceko Unibertsitatea (Frantzia); Turingo Unibertsitatea eta Bresciako Unibertsitatea (Italia); Timisoarako Mendebaldeko Unibertsitatea eta Brasoveko Transilvania Unibertsitatea (Errumania). Honako erakunde hauek parte hartzen dute elkartu gisa: Mendebaldeko Suitzako Goi Mailako Eskola Espezializatua - HES-SO (Suitza) eta Yuriy Fedkovych Chernivtsi Unibertsitate Nazionala (Ukraina). 

Horiek guztiek ezaugarri komun hauek dituzte: eskualde menditsuetan daude, beren herrialdeetako mugetatik gertu eta hizkuntza erromantzeak hitz egiten diren lekuetan.  

2025eko otsailetik, Ramón Gonzalo NUPeko errektorea da Aliantzako burua.