Joan eduki nagusira

2025ean eta 2026an, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) kirol-instalazio gehiago eraikiko ditu Arrosadiko campusean: softbol zelai bat, lau padel pista eta hobekuntzak golf zelaian. Lanen aurrekontua 2,3 milioi eurokoa da guztira, eta zenbait erakunderen finantza-laguntzari esker gauzatuko dira. Zehazki, Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Kirol eta Jarduera Fisikoaren Institutuak softbol zelaia eta padel pistak finantzatuko ditu; Espainiako Golf Federazioak, berriz, golf zelaiko eraberritzea.

zoom NUPeko kirol instalazioetan dagoen softbol pista berriaren eraikuntzaren irudia.

NUPeko kirol instalazioetan dagoen softbol pista berriaren eraikuntzaren irudia.

Softbol zelaia bi fasetan eraikiko da. Lehenbiziko fasean, softbolean aritzeko zelai bat eginen da, belar artifiziala, hesiak, argiak, segurtasun sarea eta bateo tunelak izanen dituena. 850.000 euroko aurrekontua dago horretarako, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak finantzatuko du osorik. Nafarroako Beisbol eta Softbol Federazioaren (FNBS) laguntzarekin ari dira lan horiek egiten. Bigarren fasean, harmailak eta aldagelak eraikiko dira, baita softbolean jokatzeko behar diren beste elementu batzuk ere.

Softbol zelaia entrenatzeko eta txapelketetan parte hartzeko

Softbol zelaian, Nafarroako emakumezkoen softbol federatuarekin lotutako lehiaketa- eta sustapen-jarduerak eginen dira, eta federatutako kluben ohiko entrenamenduak eta txapelketak eginen dira orobat. Gainera, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak, Nafarroako Beisbol eta Softbol Federazioak (FNBS) eta Espainiako Beisbol eta Softbol Federazioak (RFEBS) antolatutako Nafarroako, Espainiako eta nazioarteko programak eta ekitaldiak ere eginen dira han.

Aurtengo uztailean, instalazio hori 18 urtetik beherakoen Europako Softbol Txapelketaren egoitza nagusia izanen da. Nafarroan softbolean jokatzeko erreferentziazko lekua bihurtuko da hala.

zoom Putting green NUPeko golf praktiken zelaian.

Putting green NUPeko golf praktiken zelaian.

Softbol zelaiaz gain, NUPek lau padel pista berri izanen ditu. Aurreikusitako inbertsioa 735.000 eurokoa da; horietatik 635.000 Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak finantzatuko ditu, eta gainerako 100.000 euroak Unibertsitateak berak. Egun, gauzatzeko proiektua idazten ari dira.

Golf zelaia handitzea eta hobetzea

Golf zelaia hobetzeko, honako lan hauek eginen dira: pitch & putt-eko sei zuloko gune bat eta putting green berri bat prestatuko dira; gainera, azpiegitura osagarri batzuk eraikiko dira biltegia handitzeko, estalkia jarriko zaie aire zabalean dauden praktika-postuei eta putting green gunera sartzeko kontrola hobetuko da. Guztira, 490.041 euroko aurrekontua dago zelairako eta 280.126 eurokoa eraikinetarako (osotara 770.167 euro), eta Espainiako Golf Federazioak finantzatuko ditu denak.