Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzaren bidez, inkesta bat egin du ikasleek iritzia eman dezaten partaidetzari buruz eta Ikasleek Parte Hartzeko II. Plana prestatzeko oinarri gisa erabiliko diren proposamenak jasotzeko. Kontsulta Xxeko XXera arte egonen da erabilgarri campus birtualean (NIreIkasgelategia plataforma), eta plan berri horren ildo estrategikoak zehazteko aukera eskainiko du. Planaren xedea da ikasleek unibertsitateko bizitzan duten parte-hartzea sendotzea, Unibertsitatean egin ditzaketen eta prestakuntza akademikoa osatzen duten jarduera guztiak biltzen baititu. Inkestan parte hartzen dutenek zenbait opariren zozketan parte hartuko dute: bi lagunentzako ezusteko bidaia Europako hiri batera, ehun euroko hiru txartel Iruñeko Alde Zaharreko saltokietan erosteko eta NUPeko hogei jertse.


Ikasgelategiko 009 bis ikasgela, Arrainontzia izenez ezagunagoa, Ikasleek Parte Hartzeko I. Planaren bidez sortutako guneetako bat.
Plan berri horrek jarraipena emanen dio Ikasleek Parte Hartzeko I. Planari, 2020-2023 Plan Estrategikoaren barruan kokatua, eta 75 jarduera zituen ikasleen parte-hartzea sustatzeko Unibertsitateko hainbat esparrutan. Ekimena diseinatu zen unibertsitateko komunitate guztiaren ekarpenekin, eta, bereziki, ikasleen ekarpenekin. Jarraipen Batzorde batek ikuskatu zuen, eta batzorde horretan ordezkatuta zeuden unibertsitateko komunitatearen sektore guztiak.
Ikasleek Parte Hartzeko I. Planaren balantzea
Ikasleek Parte Hartzeko I. Plana 2022an onartu zen, eta haren helburua zen ikasleen parte-hartze aktiboa indartzea lehen aipatutako 75 ekintzen bidez. Ekintza horiek lau esparrutan zeuden antolatuta: ordezkaritza, kudeaketa eta ebaluazio instituzionala; irakaskuntza, ikerketa eta prestakuntza osagarria; gizarte eta kultura eta kirol arloa; eta lankidetza eta boluntariotza.
Inplementatu zenean, zenbait ekimen egin ziren, hala nola topaketarako eta harremanetarako gune berriak sortzea, hala nola Liburutegiko Open Space edo Arrosadiko campuseko Ikasgelategiko 009 bis ikasgela, Arrainontzia izenez ezaguna; parte hartzeko web orrialdea sortzea, ordu-tarteak erreserbatzea parte hartzeko jardueretarako edo ikasleen elkarteak sustatzea. Upnapass delakoa ere jarri zen ikasleen eskura, unibertsitateko ikasle bakoitzak parte hartu duen jarduera akademiko gehigarri guztiak biltzen dituen dokumentua, eta horri esker errazago ezagutzen da ikasleek unibertsitateko bizitzan izan duten parte-hartzea.