Martxoaren 17an, astelehena, iraupen luzeko zainketen inguruko erronka eta proposamenak izanen ditu aztergai Matxalen Legarreta soziologoak ikuspegi feminista batetik. Saiorako sarrera librea da, eta 16:00etan izanen da Arrosadiko campuseko 107. ikasgelan. Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedrak antolatu du “Ikasgela irekiak” dibulgazio-programaren barruan.
Soziologoak azaldu duenez, aurreko hamarkadetako aldaketa demografikoaren eta biztanleriaren zahartzearen ondorioz, zaintzaren eskariak gora egin du, baina zaintzak emateko testuingurua ahula da. Ikuspegi feministak zaintza-krisi gisa definitu du egoera hori, eta larriagotu egin zen pandemiaren garaian. Testuinguru horretan, egun, “zaintzak emateko eredua politika publikoak birdefinitzeko trantsizioko prozesu estrategiko batean dago murgilduta”. Esparru horretan, dagoeneko martxan dauden ekimen batzuk azalduko dira saioan.
Matxalen Legarretaren CV laburra
Matxalen Legarreta Iza Soziologian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Han ematen ditu eskolak 2008tik. Haren ikerketek zainketak eta genero-desberdintasunak dituzte aztergai. Antropologia Feminista Ikerketa Taldeko (AFIT) kidea da. Azken urteotan iraupen luzeko zainketei buruzko hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu du, eta horrek gaian sakontzeko aukera eman dio, batez ere egoitza-zaintzan, zaintzarako ekimen komunitarioetan eta ekimen publiko eta komunitarioetan. Ikerketa-lana eta transferentzia soziala uztartzen ditu, administrazio publikoekin eta hirugarren sektoreko erakundeekin lankidetzan aritzen baita ikerketa, ebaluazio, prestakuntza eta sentsibilizazio lanetan.