Tolosako Unibertsitateko hirigintzako eta hiri plangintzako master bateko ikasle eta irakasleak bisitan etorri dira martxoko egun hauetan Nafarroako Unibertsitate Publikora (NUP), arlo horretako ezagutzak partekatzeko eta esperientziak ezagutzeko. Horretarako, NUPeko irakasle batzuekin eta Iruñeko Udaleko teknikari batzuekin elkartu dira.
Bisitak zenbait egun iraunen du, eta hainbat jarduera eginen dituzte. Lehen egunean, Iruñeko hiriguneko azken gizarte- eta ingurumen-dinamikei buruzko saio bat egin zen Maialen Ariz eta Xabier Urtiaga Iruñeko Udaleko arkitektoen eta Juan José Calvo NUPeko Giza Geografiaren arloko irakaslearen eskutik. Saioa osatzeko, ibilbide bat egin zen Iruñeko eremuan gaur egun dinamismo handiena duten lekuetan, aipatu irakaslearen eskutik.
Gaur, osteguna, martxoak 13, bigarren saioa dute, eta Iruñeko hirigune historikoko hiri-berrikuntzan eta egungo prozesu sozialetan dago zentratuta. Honako hauek dira parte-hartzaileak: Idoia Madariaga, Isabel Herrero (biak Iruñeko Udaleko arkitektoak) eta Alde Zaharra Elkarteko ordezkaritza bat. Saioaren ondoren, Nafarroako hiriburuko hirigune historikoa bisitatuko dute, eta ibilbidea eginen dute Iruñeko zabalguneetan barrena.
Bihar, ostirala, martxoak 14, azken saioa izanen da, eta aztergai izanen ditu Pirinio aurreko arroetako garapen lokaleko azken dinamikak, Irunberriko Udalaren eskutik. Amaya Flores turismoko teknikariak eta Juanjo Calvo irakasleak parte hartuko dute.