Nafarroako Unibertsitate Publikoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduko ikasleek errugbi egokituari edo gaitasun mistoko (“rugby mixed ability”) errugbiari buruzko prestakuntza-saio teoriko-praktikoetan hartu dute parte. Jarduera Iruña Rugby Club taldearekin lankidetzan antolatu da, eta horri esker gertutik ezagutu dute desgaitasuna dutenak eta desgaitasunik ez dutenak talde berean elkartzen dituen eta egokitu gabeko arauekin jokatzen den kirol modalitate hori. Horrez gain, Mixed Ability Errugbiko Nazioarteko Txapelketari buruzko informazioa jaso dute (IMART, ingelesezko sigletan). Txapelketa Iruñean eginen da ekainean, eta partidak erakunde akademikoaren kirol instalazioetan jokatuko dira.


Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduko 2. ikasmailako ikasleak, Iruña Rugby Club talde inklusiboarekin.
“Mixed ability errugbiak” pertsona guztiek kirol-lehiaketan berdintasunez parte hartzea sustatzen du. Kirol egokituko beste modalitate batzuetan ez bezala, diziplina horretan ez dago kategoria berezirik edo mugarik jokalarientzat. Desgaitasunen bat dutenek eta desgaitasunik ez dutenek osatzen dituzte taldeak, eta baldintza berdinetan lehiatzen dira errugbiaren araudi ofizialaren arabera. Filosofia horren helburua da oztopoak kentzea eta dibertsitatea bultzatzea kirolean.
Talde inklusibo bateko entrenatzailea
Hernán Mazzarello Macrino entrenatzaileak eman ditu NUPeko prestakuntza-saioak. Entrenatzaile horrek Iruña Rugby Club talde inklusiboa zuzentzen du. Saioetan parte hartu dute lehen ikasmailako ikasleek (Ricardo Morán Navarro irakasleak irakasten duen Kirol Jardueraren Biomekanika irakasgaikoek) eta bigarren ikasmailako ikasleek (Alicia Alonso Martínez irakasleak irakasten duen Kirol Jarduera Kolektiboak irakasgaikoek).


Hernán Mazzarello (kantxaren erdian), NUPeko ikasleekin eta Iruña Rugby Club talde inklusiboarekin egindako saio praktikoa zuzentzen.
Nazioarteko txapelketa Iruñean
Saioetan, Mixed Ability Errugbiko Nazioarteko Txapelketaren (IMART) hamargarren edizioa aurkeztu da. Ekainaren 22tik 27ra, hamahiru herrialdetako 1.200 jokalari baino gehiago elkartuko ditu Iruñean, kirol inklusiboan erreferentziazkoa den txapelketa bat jokatzeko. Txapelketaren aurreko edizioa Corken (Irlanda) egin zen 2022an, eta International Mixed Ability Sports (IMAS) irabazi asmorik gabeko erakundeak antolatzen du.
Txapelketa Nafarroako hiriburuan egiteko hautagaitzak Iruña Rugby Club izan zuen buru, eta Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak, Nafarroako Errugbi Federazioak eta NUPek babestu dute. Erakunde akademikoaren azpiegituretan jokatuko dira errugbi partidak eta txapelketaren inguruan egiten diren erakustaldiko gainerako kirol jarduera guztiak. Errugbiaz gainera, bestelako kirol lehiaketa paraleloak eginen dira, arrauna eta saskibaloia esaterako, baita IMASen laugarren Nazioarteko Konferentzia ere.
Errugbi egokituaren ereduari eta boluntariotzako aukerei eta nazioarteko txapelketan epaile aritzeko aukerei buruzko hitzaldi bat egin da, eta, horrez gain, ikasleek saio praktiko bat egin dute Iruña Rugby Club talde inklusiboarekin batera.