Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Gobernuak 2017tik sinatuta duten lankidetza-hitzarmena berritu dute 2025erako. Hitzarmen horrek Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentu Funtsaren (NOHDF) jarraipena bermatzen du. NUPeko irakasle eta ikertzaile batzuek osatzen dute Funtsaren ikerketa-taldea.
Gaur, asteazkena, martxoak 12, sinatu dute testua Ramón Gonzalo Unibertsitateko errektoreak eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak. NOHDFek, 2025ean, ikerketa-lanekin, beste erakunde batzuekin lankidetzan eta transferentzia-lanekin jarraituko du.
Ikerketa-lana eta transferentzia-jarduerak
Gai hauetan zentratuko da 2025erako ikerketa-jarduera: frankismo berantiarreko gatazkak eta ezker erradikalaren hazkundea, Gerra Zibilean eta lehen frankismoan abokatuek jasandako errepresioari buruzko ikerketa, Hedy Herrero funtsean jasotako San Kristobal gotorlekuko presoei buruzko informazioaren azterketa eta erkatzea, fusilatuen alargunei buruzko informazio espezifikoa biltzea, gerran eta gerraostean maisuek jasandako errepresioari buruzko azterketa, datu-baseen koordinazioa eta, azkenik, sinbologia frankistari buruzko informazioaren balizko eguneratzea.
Esparru zientifiko, sozial eta instituzionaletako transferentzia-jarduerei dagokienez, Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentu Funtsak aurreko urteetan egindako lanarekin jarraituko du, eta errepresio frankistaren oroimen publikoaren inguruan lan egiten duten eragileekin harremanetan eta lankidetzan jarraituko du orobat. Zehazki, dibulgazio- eta lankidetza-jarduerak proposatzen dira biktimen senideen elkarteekin eta erakunde memorialistekin, errepresaliatuei buruzko informazioa eskatzen dutenei arreta ematea edo “Ecos del 36eko Oihartzunak” bezalako jarduerekin jarraitzea, NUPeko Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearekin lankidetzan.
Ikerketa-taldea
Fernando Mendiola Gonzalo Historia Garaikideko irakasleak zuzentzen du NUPeko ikerketa-taldea, eta Nerea Pérez Ibarrola irakasleak koordinatzen ditu ikerketa-lanak. Emilio Majuelo Gil, Gemma Piérola Narvarte, Juan Carlos García Funes eta Daniel Oviedo Silva NUPeko irakasleek eta hitzarmenari esker kontratatutako beste ikertzaile batzuek osatzen dute taldea. Lan-ildoak eta ikerketa-emaitzak bi batzorderekin kontrastatzen dira: NUPeko Batzorde Teknikoa, unibertsitate horretako irakasle eta ikertzaileek osatua; eta Kanpoko Aholku Batzordea, beren jarduera NUPetik kanpo garatzen duten profesional espezialistek osatua.