Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Tuterako campuseko Diseinu Industriala ikerketa taldearen bidez, teknologia bat garatu du, piezak fabrikazio lerroetan kokatzeko eta elikatzeko sistemen prestazioak hobetzen dituena. Unitateak modu automatikoan antolatzen eta jartzen dituzten makina horiek, beste batzuek behar bezala prozesa ditzaten. Gailu berria Erriberako MDV Sistemas de Vibración enpresarekin lankidetzan diseinatu da, eta ekipo industrial horiek sortutako nahi gabeko bibrazioak murriztea eta haien portaera konfiguratzea ahalbidetzen du. Horrela ekipo industrial horien errendimendua optimizatzen da.


Ezkerretik eskuinera: José Ramón Alfaro López (NUP), Juan Ignacio Latorre Biel (NUP), David Navarro González (MDV Sistemas de Vibración enpresaren bazkide sortzailea), Marta Benito Amurrio (NUP), Carlos García Vidaurreta (NUP) eta Víctor Caro Seta (MDV Sistemas de Vibración enpresaren bazkide sortzailea), enpresaren egoitzan.
NUPek MDV enpresarekin garatu duen berrikuntzak berriz diseinatzen ditu bibrazioen absortzioa erregulatzen duten gailuak, eta bibrazio sistemen barruan malguki berezi batzuen zurruntasuna doitu da. Malguki doigarri horiei esker lehengaiak kokatzeko makinen bibrazioa ere konfiguratzen ahal da, eta, horrenbestez, haiek doitzea eta prest jartzea askoz errazagoa da. Doitze horri esker makinek nola bibratzen duten kontrolatzen ahal da, eta horrela nahi ez diren bibrazioak saihestu eta prestazio hobeekin jardun dezaten lortzen da.
Ikerketaren aurretiazko fase batean, beste aplikazio lerro batean, gailu horiek autogintzaren sektorean probatu ziren. Hala, ibilgailuen esekiduretako mota helikoidaleko malguki tradizionalen ordez, NUPeko ikerketa taldeak diseinatutako berriak jarri ziren, eta emaitza “ona” izan zuten, eta errendimendua hobetu egin zen.
Nazioarteko patente bat eskatu da
Diseinu Industriala taldeak NUPeko Ikerketa Zerbitzuak kudeatutako nazioarteko patente bat eskatu du gailu horietarako. MDV Sistemas de Vibración enpresak erosi ditu patente hori erabiltzeko eskubideak, fabrikatzen dituen ekipoetan aplikatzeko. Enpresa hori Tuterako Udal Industrialdean dago, eta David Navarro González eta Víctor Caro Seta dira buruak. Enpresak 25 urte baino gehiagoko esperientzia du pieza industrialak automatikoki kokatzeko eta elikatzeko bibrazio sistemen diseinuan eta fabrikazioan. Haren soluzioak hainbat sektoretan aplikatzen dira, hala nola automozioa, industria farmazeutikoa, kosmetika eta elikadura, eta nazioarteko merkatuetan daude.
“Berrikuntzaren eta ikerketaren aldeko apustua egiten duen enpresa bat da MDV. NUPekin lankidetzan jardunez, MDVk bere produktuei aplikatutako teknologia berrasmatu nahi du, bere sektoreko erreferentzia bihurtzeko asmoz, orainera egokituz eta etorkizuna sortuz eta hari aurrea hartuz”, esan dute arduradunek.
Finantzaketa publikoa duen proiektua
NUPen eta MDVren arteko lankidetza Nafarroako Gobernuak ezagutzaren transferentziarako SINAI bonuen 2024ko deialdiaren bidez finantzatutako proiektu baten barruan dago. Proiektuaren helburua da, besteak beste, bibrazio sistemak efizienteagoak bihurtzea eta MDVk egindako ekipoen doikuntza-denbora murriztea, produkzio-prozesu industrialak optimizatzeko asmoarekin.
José Ramón Alfaro López, Marta Benito Amurrio, Carlos García Vidaurreta, Juan Ignacio Latorre Biel eta Amaia Pérez Ezcurdia ikertzaileek osatzen dute NUPeko ikerketa-taldea, eta Smart Cities Institutuarekin (ISC) lotuta dago. Ikerketa taldeak malguki doigarrien teknologia bibrazio sistemetan erabiltzen duten prototipo horiek garatu ditu, azken hamarkadetan oso gutxi garatu den arlo bat modernizatzeko.