Murgiltze-inguruneetan objektu birtualak manipulatzeko teknika berri honek aukera ematen du zenbait elementu aldi berean hautatu eta mugitzeko, eta horrek espazio digitaletako interakzioa optimizatzen du. Metodo hori Sonia Elizondo Martínez (Iruñea, 1997) ingeniari informatikoak garatu zuen, hain zuzen, Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin eta defendatutako tesian. Metodoari esker, murgiltze-ingurune birtualetan zenbait zeregin egiteko zehaztasuna eta efizientzia hobetzen dira, jolaserako, hezkuntzarako, osasun-laguntzarako eta urruneko lankidetzarako, esaterako.
Teknika honek errealitate birtualeko bisore komertzialen aginte berak erabiltzen ditu, baina erabiltzaileen karga kognitiboa eta fisikoa murrizten du, aukera ematen baitu hainbat objektu birtualekin aldi bereko interakzioa izateko, modu naturalean eta kontrolatuan. Ikertzaileak adierazi duenez, “horrek lekualdatzeko beharra murrizten du zenbait agertoki birtualetan objektuak manipulatu behar direnean”. Hain zuzen, hori bereziki baliagarria da manipulazio konplexua eskatzen duten erabileretan, hala nola biltegi bat antolatzean edo mahai kirurgiko bat prestatzean.
Arlo fisikoa eta emozionala
Murgiltze-ingurune birtualen testuinguru honetan, erabiltzaileen esperientzia nola hobetu lantzen du doktoretza-tesiak, eta, horrenbestez, espazio horiek pertsonen ekintza fisikoetarako balio izateaz gain (hala nola objektu birtualak mugitzea edo hautatzea), erabiltzaileen egoera emozionalei erantzutea ere helburu du, esperientzia pertsonalizatuagoa eta murgiltzaileagoa lortzeko.
Zentzu horretan, konputazio afektiboaren printzipioetan oinarritutako esparru teoriko bat aurkezten da ikerketan. Izan ere, konputazio afektiboak “posible egiten du ingurune birtualek erabiltzaileen egoera eta erreakzio emozionalak kontuan hartzea eta haiei behar bezala erantzutea”. Ikuspegi horrek aukera ematen du halako egoera batean gehiago murgiltzea eta esperientzia pertsonalizatuagoa izatea, bai eta interakzio digitalaren gaineko kontrol sentsazio handiagoa izatea ere.
Ikertzaileak azaldu duenez, “tesiaren esparruak azpimarratzen du zer garrantzitsua den erabiltzailearen ‘agentziaren zentzua’ hobetzen duen teknologia garatzea. Kontzeptu hori, zehazki, erabiltzaileak bere ekintzen eta inguruko egoera birtualaren gainean duen kontrol sentsazioari dagokio”. Hori azaltzen da ikertzailearen tesian, zeinak NUPeko Smart Cities Institutuko (ISC) bi ikertzaile izan baititu zuzendari: Asier Marzo Pérez eta Amalia Ortiz Nicolás. Bestetik, ikertzaile nagusiak honako hau gaineratu du: “Beharrezkoa da murgiltze-ingurune birtualak teknologiaz hornitzea, bai erabiltzaileen egoera emozionalak denbora errealean identifikatu eta ulertzeko, baita egoera horientzako erantzun emozionalak behar bezala sortu eta emateko ere”.
Curriculum laburra
Sonia Elizondo Martínezek Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin ditu ikasketak: Ingeniaritza Informatikoko Gradua lehenbizi (2019), eta Ingeniaritza Informatikoko Unibertsitate Masterra (2021) ondoren. Prestakuntza horretan, Turingo (Italia) Politeknikoan egin zuen gradu amaierako lana, eta, master amaierako lana, berriz, Tracasa Instrumental enpresan.
Doktoretza NUPen egin du, TOUCHLESS Europako proiektuaren barrenean (“Kontakturik gabeko esperientzia haptikoak eredu neurokognitiboak erabiliz”), zeina EU Horizon 2020 EBko programak finantzatua baita. Denboraldi horretan, ikerketa-egonaldi bat egin zuen Kopenhageko Unibertsitatean (Danimarka); beraz, tesiak nazioarteko aipamena jaso du.
Ikertzaile gisa, bederatzi artikulu zientifikoren egilea edo egilekidea da, zeinak gizakiaren eta ordenagailuaren arteko elkarreraginaren arloko inpaktu handiko aldizkari eta erreferentziazko konferentzietan argitaratu baitira. Gainera, bere ikerketa-lanen emaitzak nazioarteko lau kongresutan aurkeztu ditu.
Zientzia-dibulgazioko jarduerak nabarmentzen dira ikertzailearen curriculumean. Hainbat formatutan eman du bere ikerketaren berri, hala nola Naukas Pamplona (2023) eta Datorren mundua (2024) ekitaldietan eta Zientzia puntu-puntuan podcastean. Halaber, kontzientziazio lan handia egin du emakumeek STEM diziplinetan (zientziak, teknologia, ingeniaritza eta matematika, ingelesezko sigletan) duten eginkizunari buruz. Nabarmentzekoa da STEM arloko mentore aritzen dela Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, NUPeko Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren eskutik, eta dibulgatzailea dela ikus-entzunezko formatuetan eta ekitaldi publikoetan, hala nola NUP Show ekitaldian.