Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2024eko Sormen Sariak banatzeko ekitaldia egin du. Edizio honetan zenbait modalitatetako hamar sari eman dira. Sari banaketa Errektoretzaren eraikinean egin da, eta, ekitaldian, Ramón Gonzalo errektorea eta Begoña Pérez Eransus Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea izan dira buru. Sari horien bidez, unibertsitateko komunitatearen jarduera artistiko eta kulturala piztu eta zabaldu nahi da, hainbat arte-eremutakoa. 

zoom premios creatividad

Sormen Sarien irabazleak, Ramon Gonzalo NUPeko errektorearekin eta Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordearekin batera.

Edizio honetan, lau kategoria zeuden: Campus Music, Instagrameko argazkia (eta “genero berdintasuneko” aipamen berezia), narratiba (gaztelaniaz eta euskaraz) eta poesia (gaztelaniaz eta euskaraz). Hauek izan dira irabazleak, modalitatearen arabera: Campus Music modalitatean, Aimar Aranguren González; Instagrameko argazkiaren modalitatean, Peio Ardaiz Gale (izenbururik gabe), Andoni Andueza Sánchez (Donde el cielo toca la tierra) eta Nerea González Hualde (“genero berdintasuneko” aipamen berezia arcoiris lanagatik); euskarazko narratiban, Peio Ardaiz Gale (Guarpenaren tenpra) eta Ane González Castillo (Carolina Bela); gaztelaniazko narratiban, Paula Beorlegui Osés (Tú por casualidad) eta Arianna Sofía Navarro Simancas (La esperanza de una promesa); eta gaztelaniazko poesian, Victoria Huang (Conexiones) eta Estela Arriaza Crespo (Poética de la botánica). 

Sarien epaimahaia eta zenbatekoa

Campus Music modalitatean, honako hauek osatu zuten sarien epaimahaia: lgor Sáenz Abárzuza (Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakaslea), Aránzazu Almoguera Martón (Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakaslea) eta Alonso Remedios (Last Tour-eko musika-sustatzailea). Instagrameko argazkiaren modalitatean, berriz, María Jiménez Gorjónek (argazkilaria), Lander Calvelhe Panizok (Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakaslea) eta Lucía Martínez Virtok (Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakaslea) ebaluatu zituzten lanak. Bestalde, kontakizun laburrean eta poesian, Alberto Ladrón Aranak (idazlea), María Roncesvalles Ibarra Murillok (Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakaslea) eta Aitor Blanco Leozek (Euskararako Atal Teknikoko burua) osatu zuten epaimahaia.

Sariei dagokienez, Campus Music modalitateko irabazleak 400 euro jaso zituen eta, gainerako kategorietan, lehenbiziko sariak 300 eurokoak izan ziren, eta bigarrenak 150 eurokoak.