Joan eduki nagusira

Atzo, asteazkena, otsailak 26, UNITA unibertsitateen Europako aliantzako bost herrialdetako zenbait ikertzailek Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) kide duen partzuergoaren balioetako batzuk aurkeztu zituzten hitzaldi laburren formatuan. Europar identitateari edo berrikuntza jasangarriari buruzko monologoak UNITA Gauaren barruan zeuden. Ekitaldia Nafarroako Medikuen Elkargo Ofizialean egin zen, UNITA Week dela eta. Goi mailako hezkuntzako erakundeen europar aliantzak urtero egiten duen lan-topaketa aipagarriena da azken ekitaldi hori. Programaren barruan zegoen Iruñeko Orfeoiaren Haur Kantarien emanaldia, eta Espainia, Frantzia, Italia, Portugal eta Errumaniako musika-konposizioak interpretatu zituzten. Hizlariak herrialde horietakoak dira.   

zoom unita

Iruñeko Orfeoiaren Haur Kantariak, emanaldian.

Honako hauek izan ziren bakarrizketariak: Francisco Beltrán Lloris (Zaragozako Unibertsitatea, Espainia), Elisa Corino (Turingo Unibertsitatea, Italia), Frank D'Amico (Paueko eta Aturriko Unibertsitatea, Frantzia), Bruno Ferreira Costa (Barnealdeko Beirako Unibertsitatea) eta Alexandra Petcu (Timisoarako Mendebaldeko Unibertsitatea, Errumania).  Jorratutako gaien artean, hizkuntza erromantzeen zeregina eta sortzen dituzten loturak, naturarekiko errespetuzko irtenbideak eta aliantzako kide diren herrialdeen arteko harreman historikoak daude, aipatutako biez gain. Bakarrizketari bakoitzak bere jatorrizko hizkuntzan hitz egiten zuen eta entzuleek saioak jarrai zitzaketen pantaila batean proiektatutako ingeleserako aldibereko itzulpen bati esker.

zoom unita2

Alexandra Petcu, bere hitzaldian.

Ikasle bat aurkezle

Meghavi Chapman Azpirotz NUPeko Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Ekonomiako Gradu Bikoitzeko Nazioarteko Programako egresatuak aurkeztu zuen saioa. Egun International Businesseko Unibertsitate Masterra egiten ari da NUPen.

UNITA osatzen duten hamar unibertsitate bazkide eta bi elkartuak ordezkatzen zituzten 150 laguni baino gehiagori zegoen zuzenduta ekitaldia. Horiek guztiak aste honetan NUPeko hiru jardunalditan bildu dira proiektuak egindako urratsak ebaluatzeko eta aliantzaren etorkizuneko estrategiak zehazteko.  Bileren programa kultural osagarriaren barruan dago UNITA Gauaz gain Erriberrira eta Uxuera ostiralean eginen den bisita.

zoom unita3

Bakarrizketari parte-hartzaileak eta ekitaldiaren aurkezlea. Ezkerretik eskuinera, Bruno Ferreia, Alexandra Petcu, Meghavi Chapman, Elisa Corino, Frank D’Amico eta Francisco Beltrán.

Hamabi unibertsitatez osatutako aliantza

UNITA – Universitas Montium aliantza 2020an sortu zen, eta egun honako hauek osatzen dute: hamabi unibertsitate, eskubide osoko hamar bazkide eta bi erakunde elkartu. Beraz, 250.000 ikasleko eta 21.000 laguneko giza taldea irakasleen eta teknikari eta administrazioko langileen artean. Horiek guztiek ezaugarri komun hauek dituzte: eskualde menditsuetan daude, beren herrialdeetako mugetatik gertu eta hizkuntza erromantzeak hitz egiten diren lekuetan (portugesa, gaztelania, frantsesa, italiera eta errumaniera). 

zoom unita4

Publikoaren irudia.

Europako Batzordeak 14 milioi euro eman dizkio proiektuari 2023-2027 aldirako (1,1 milioi NUPentzat). Zazpi herrialdetako goi-mailako hezkuntzako erakundeek osatutako partzuergoa “Europako Unibertsitateak” ekimen komunitarioaren barruan dago, eta Europako goi-mailako hezkuntzaren kalitatea eta lehiakortasuna modu esanguratsuan hobetzen lagunduko du. Beste neurri batzuen artean, aliantzaren helburua da ikasle, irakasle eta irakasle ez diren langileen mugikortasuna sustatzea eta nazioarteko ikerketa-proiektuak eta baterako titulazioak garatzea.

Honako hauek dira unibertsitate bazkideak: Barnealdeko Beirako Unibertsitatea eta Guardako Institutu Politeknikoa (Portugal); Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea (Espainia); Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Savoia Mont Blanceko Unibertsitatea (Frantzia); Turingo Unibertsitatea eta Bresciako Unibertsitatea (Italia); Timisoarako Mendebaldeko Unibertsitatea eta Brasoveko Transilvania Unibertsitatea (Errumania). Honako erakunde hauek parte hartzen dute elkartu gisa: Mendebaldeko Suitzako Goi Mailako Eskola Espezializatua - HES-SO (Suitza) eta Yuriy Fedkovych Chernivtsi Unibertsitate Nazionala (Ukraina).