Joan eduki nagusira

Foru Komunitateko hiru entitatek, hau da, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Hydrotecna Green SL enpresak eta Valtierrako Ureztatzaileen Komunitateak sistema teknologiko bat garatu dute gainazaleko ureztapena automatizatzeko, laborearen beharren arabera automatikoki ireki eta itxi egiten den uhate adimendun baten prototipoari esker.  Teknologia horrek arrakasta izan du Nafarroako Valtierran herrian, eta ur emaria zehatz eta modu efizientean doitzeko aukera eskaintzen du, eskuz ezer egin beharrik gabe. Proiektuak uraren erabilera optimizatzen du nekazaritzan eta sektorearen digitalizazioa sustatzen du. FEDER Europako funtsek eta Nafarroako Gobernuak finantzatu dute, eta enpresa hauen laguntza izan du: IED, elektronikarako; bigD, diseinu mekanikoan; eta INTIA (Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegiturei buruzko Nafar Institutua), gainazaleko ureztapenaren sistemak diseinatzeko. 

zoom proyecto riego

SURFEAR proiektuan ari diren NUPeko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera, Jesús Álvarez-Mozos, Javier Casalí Sarasibar, Miguel Ángel Campo-Bescós eta Luís Miguel Arregui Odériz.

Proiektu pilotuaren izena SURFEAR da, eta aztergai izan du gainazaleko ureztapena. Metodo tradizional horretan, ura grabitatearen bidez aplikatzen da landutako lurrean, lurraren malda aprobetxatuz eta lursailetarako banaketa-sistemak erabiliz, ubide gisa. Asko erabiltzen da, erabiltzen erraza delako eta ez duelako ekipo garestirik behar. Hala ere, ur asko alferrik galtzeko arriskua dago ez bada ongi kudeatzen.

zoom proyecto riego

Landako dibulgazio-saio baten airetiko ikuspegia, parte-hartzaileak Valtierrako lursailean ezarritako uhate baten inguruan daude.

Nekazaritza modernoaren erronka

“SURFEAR proiektua nekazaritza modernoaren funtsezko erronka bati, hots, gainazaleko ureztapenari emandako erantzuna da  —esan du Javier Casalí Sarasibar NUPeko ISFOOD Ikerketa Institutuko ikertzaileak—. Leku askotan gehien erabiltzen den sistema bada ere, kritikak egin zaizkio efizientzia hidriko txikia eta eskulanarekiko mendekotasuna duelako.   Ureztapen metodo horri egokitutako konponbide teknologikorik ezean, proiektuaren partzuergoak erabaki zuen ekosistema teknologiko berritzaile bat garatzea, ureztapenen efizientzia hobetzeko eta lursail bakoitzeko ur kontsumoa murrizteko”.

Proiektuak iraun zuen hemezortzi hilabeteetan, proiektuko hiru bazkideek kostu txikiko uhate automatikoaren prototipo bat diseinatu eta fabrikatu zuten, “instalatu eta prest” motakoa (“plug and play”, ingelesez), “lursailari aplikatutako ur-emaria une oro zehatz-mehatz kuantifikatzeko gai izanen zena. Orain arte nekazarientzat gutxi gorabeherakoa zen datu hori”. Lurreko hezetasuna eta funtsezko beste parametro batzuk neurtzen dituzten sentsoreei esker funtzionatzen du sistemak. Software batek denbora errealean aztertzen ditu datu horiek, eta hark erabakitzen du zenbat ur askatu eta zein unetan. Hala, ureztapena optimizatzen da, alferrik galdutako ur kopurua minimizatzen da eta nekazaritzan ari direnen lana errazten da.

zoom proyecto riego

Ubide nagusian ur emaria doitzeko erabilitako uhatea eta lursailean nola instalatu den.

Bizi-kalitatea hobetzen da

“Aurrerapen horrek ura modu efizienteagoan erabiltzen laguntzeaz gain, nekazarien bizi-kalitatea hobetzen du, ureztapenaren kudeaketa automatizatu eta telekontrolatzen baitu – azaldu du Miguel Ángel Campo Bescós irakasleak, ISFOOD Institutuko ikertzaileak–. Gainazaleko ureztapenerako sistemen aldean jasangarria eta eskuragarria den alternatiba bat ere eskaintzen du sistemak.

SURFEAR proiektuaren emaitza positiboak erakunde pribatu eta publiko askoren interesa piztu du, berrikuntza “gainazaleko ureztapen tradizionalaren erronketarako irtenbide bideragarria eta eskalagarria” dela uste baitute, proiektuaren arduradunen arabera, eta NUPen kasuan, Jesús Álvarez-Mozos eta Luis Miguel Arregui Oderiz ISFOOD Institutuko ikertzaileak. 

“Nekazaritza jasangarriago eta teknologikoki puntakoago baterantz egindako aurrerapena da, eta ingurumenari zein nekazariei mesede egiten die”, NUPeko ikerketa-taldearen hitzetan.