Joan eduki nagusira

UNITAko Ikasleen Biltzarra aste honetan bilduko da Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Arrosadiko campusean UNITA Week dela eta, Unibertsitateen Europako aliantza horrek urtero egiten duen lan-topaketa garrantzitsuena. Partzuergo horretako hamabi unibertsitateetatik hamaika unibertsitateren ordezkariek aztertu dituzte, besteak beste, biltzar horretarako hauteskundeak, Nafarroako erakundea kide den Europako unibertsitateen aliantza horretako gobernu-organoetako bat, eta ikasle ohientzako alumni sare bat sortzea. Biltzarra kontsulta- eta proposamen-organo bat da, eta ikasleen ahotsa ordezkatu eta unibertsitate-sare horretako erabakiak hartzeko prozesuetan aktiboki parte hartzen du.

zoom UNITAko Ikasleen Biltzarra, NUPen ateratako argazkian.

UNITAko Ikasleen Biltzarra, NUPen ateratako argazkian.

Ikasleen Biltzarrerako hauteskundeak martxoaren amaieran eginen dira (hilaren 24an, 25ean eta 26an), eta aliantzako hamabi unibertsitatetako 250.000 ikaslek (10.000 NUPekoak) beren ordezkariak hautatuko dituzte datozen bi urteetarako. Erakunde bakoitzak zortzi ordezkari hautatuko ditu, eta beren ekarpenekin aliantza garatzen lagunduko dute.

UNITAko Ikasleen Biltzarra urtean behin biltzen da presentzialki eta astebetez aliantzako unibertsitateetako batean, eta funtsezko eginkizuna du aliantzaren estrategia eta politikak zehazteko. Haren kideek erabakiak hartzeko prozesuan parte hartzen dute zenbait organotan esku hartuz, hala nola Gobernu Kontseilua, Kalitate eta Ebaluazioa Kontseilua, Kudeaketa Batzordea eta UNITAko lantaldeak.

UNITA – Universitas Montium

UNITA – Universitas Montium  aliantza 2020an sortu zen, eta egun honako hauek osatzen dute: hamabi unibertsitate, eskubide osoko hamar bazkide eta bi erakunde elkartu. Beraz, 250.000 ikasleko eta 21.000 laguneko giza taldea irakasleen eta teknikari eta administrazioko langileen artean.

Honako hauek dira unibertsitate bazkideak: Barnealdeko Beirako Unibertsitatea eta Guardako Institutu Politeknikoa (Portugal); Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea (Espainia); Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Savoia Mont Blanceko Unibertsitatea (Frantzia); Turingo Unibertsitatea eta Bresciako Unibertsitatea (Italia); Timisoarako Mendebaldeko Unibertsitatea eta Brasoveko Transilvania Unibertsitatea (Errumania). Honako erakunde hauek parte hartzen dute elkartu gisa: Mendebaldeko Suitzako Goi Mailako Eskola Espezializatua - HES-SO (Suitza) eta Yuriy Fedkovych Chernivtsi Unibertsitate Nazionala (Ukraina).

Horiek guztiek ezaugarri komun hauek dituzte: eskualde menditsuetan daude, beren herrialdeetako mugetatik gertu eta hizkuntza erromantzeak hitz egiten diren lekuetan.